Politika -
Elkarrizketa Euskal Telebistan
Echenique, Podemosen kontrako dokumentu faltsuez: "Komunikabideek parte hartu gabe ezinezkoa litzateke"
Podemoseko Programa idazkariak deitoratu egin du PPko kargudunek, epaileek eta hedabideek Pablo Iglesiasen eta Podemosen irudiari kalte egiteko informazio faltsua sortuz egindako manipulazio kanpaina, 'El Pais' egunkariak argitaratutako audioen ostean.
Mikel Dominguez | EITB Media
Pablo Echeniquek (Podemos) El Pais egunkariak argitaratutako audio berriak izan ditu hizpide ETB2n. Horietan, Jose Manuel Villarejo komisarioak eta Maria Dolores de Cospedalek, garai hartan PPko idazkari nagusia eta Defentsa ministroa zenak, alderdi morearen irudia kaltetzeko dokumentu faltsuak sortzeaz hitz egiten dute, eta Pablo Iglesias iraindu ere egiten dute. Echeniquek deitoratu egin du PPk eta epaile batzuek ez ezik, hedabideek ere manipulazio kanpaina horretan parte hartu zutela, eta ez soilik "eskuin mediatikoko" komunikabideek.
"Pablo Iglesiasen eta Podemosen izena suntsitzeko operatibo bat badago, argi dago ezin duela funtzionatu komunikabideen laguntzarik gabe, eta, tamalez, garai horretan gehienek zabaltzen zuten gezurrezko zabor hori", uste du Echeniquek.
Podemos Europako Parlamentuan sartu zenetik, hainbat ustezko dokumentu ofizial filtratu dituzte prentsan, ezkerreko alderdia Venezuelako Gobernuarekin lotzeko edota Iranek finantzatuta zegoela esateko. Informazio faltsu horiek oihartzuna izan zuten Espainiako hedabide gehienetan, baina ez du ibilbide judizialik izan.
Echeniqueren esanetan, PP erakunde kriminala da "horrelako konspirazio mafiosoetan" parte hartzeagatik eta demokrazian "iruzurra egiten" saiatzeagatik: "Uste dute erakundeak eurenak direla, eta boterera iristen direnean aurkari politikoak suntsitzen saiatzeko erabiltzen dituzte, legez kanpo, ikusi dugun bezala". Diputatuak Alberto Nuñez Feijoo egungo presidenteari dei egin dio —ustez moderatua, "baxu hitz egiten duelako eta batzuetan gorbatarik eramaten ez duelako"— Cospedalengandik bereizi dadin eta alderditik kanporatu dezan. "Bestela, oso zaila da PP moderatua dela sinestea, bere aurreko idazkari nagusiak aurkariei 'puta seme' deitzen zienean", esan du.
Espainiako Gobernuko bi alderdi politikoen arteko talkei dagokienez, Echeniquek desberdintasunak bereiztea eskatu du, egungo gai batzuetan sor daitezkeenen eta PSOEk "gobernu-akordioan sinatutakoa bete nahi ez duenean" (hala nola, zerga-erreforma progresiboa) edo itunean ez dauden beste politika batzuk egiten dituenean (Defentsako gastua handitzea, adibidez) sortzen direnen artean.