Itxi

Politika

Katalunia

Sanchez eta Aragones datorren ostiralean, hilaren 15ean, bilduko dira

EITB Media

Bi gobernuek datozen hilabeteetarako negoziazioaren ibilbide orria zehaztu dute akordio batean. Hartutako konpromisoen artean, Kataluniako gatazkaren "judizializazioari amaiera" ematea adostu dute.

  • Aragones eta Sanchez Bartzelonan izan ziren azkenekoz, Pegasus eskandalua lehertu eta gutxira.

    Aragones eta Sanchez Bartzelonan izan ziren azkenekoz, Pegasus eskandalua lehertu eta gutxira. EFE

Pedro Sanchez eta Pere Aragones Espainiako Gobernuko eta Generalitateko presidenteak datorren ostiralean, uztailaren 15ean, bilduko dira. Bi gobernuen arteko hartu-emana etenda egon da Pegasus sistemaren bidez dozenaka buruzagi independentistari egindako espioitza politikoak sortutako arrakala tarteko. Presidenteen arteko batzarraren data zehazteaz gain, datozen hilabeteetarako negoziazioaren ibilbide orria adostu dute bi aldeek; hala nola gatazkaren "judizializazioari amaiera" emateko konpromisoa agertu dute. 

Harremanak berriz hartzeko bilera egin dute gaur Generalitateko jauregian Felix Bolaños Espainiako Gobernuko Presidentetza ministroak eta Laura Vilagra arlo bereko kontseilari katalanak. Batzarraren ondotik iragarri dituzte data eta akordioaren nondik norakoak. 

Bolañosek eta Vilagrak sinatutako agiriaren arabera, Espainiako eta Kataluniako gobernuek beharrezkotzat jo dute gatazkaren "judizializazioari amaiera" ematea, "jarrerak muturrera eraman eta akordioak lortzea zailtzen" duela argudiatuta. Bi aldeen ideologia eta proiektu politikoak "legitimoak" direla aitortu dute, era berean. 

Akordioak lortzea ezarri dute bigarren helburutzat. Ingurumari horretan, "bide politikoaren eta gatazka konpontzeko irtenbideak bilatzearen" aldeko hautua egin dute biek ala biek. Are gehiago, negoziazioetan aurrera egiteko "neurri zehatzak" hartzeko prest agertu dira. 

Negoziazioaren arlo metodologikoa ere ezarri dute bi gobernuek. Hori horrela, elkarrizketarako mahaia "herritarrei jakinarazi beharreko akordioak daudenean" bilduko dela zehaztu dute. Batzarrak Madrilen eta Bartzelonan egingo dituzte, txandaka. Gainera, urtea amaitzerako "gutxienez bi bilera" egiteko konpromisoa hartu dute. 

Azkenik, espioitza politikoa aipatzen ez badute ere, dokumentuak honakoa dio: "Erakundeen jardunak uneoro bermatuko ditu Kataluniako jarrera politiko eta demokratikoekin bat egiten duten pertsonen oinarrizko eskubideak, pribatutasuna eta askatasun politiko eta ideologikoa, eskubide horiek urratzen dituzten ekintzak, erabakiak eta legez kontrako mekanismoak arbuiatuz". 

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena