Politika -

Miguel Angel Blanco

Hilaren 21ean deklaratzera deitu dituzte Mikel Antza eta Anboto ETAko buru ohiak, Blancoren hilketagatik

Miguel Angel Blanco Ermuko PPko zinegotzia bahitzea eta hiltzea ETAren zuzendaritzak agindu ote zuen ikertzen ari da Auzitegi Nazionala.

Mikel Albisu, "Mikel Antza", ETAko buruzagi ohia
Mikel Albisu, "Mikel Antza", ETAko buruzagi ohia
Mikel Albisu, "Mikel Antza", ETAko buruzagi ohia

AGENTZIAk | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Manuel Garcia Castellon Auzitegi Nazionaleko epaileak uztailaren 21ean deklaratzera deitu ditu Mikel Albisu, Mikel Antza, eta Marixol Iparragire, Anboto, ETAko buruzagi ohiak, Miguel Angel Blanco Ermuko PPko zinegotzia bahitzea eta hiltzea ETAren zuzendaritzak agindu ote zuen argitzeko abiatutako ikerketaren baitan.

Hain zuzen ere, Antza 12:00etarako deitu du, eta Iparragirre, aldiz, 12:15erako.

Garcia Castellon epaileak hirugarren pertsona bat ere inputatu zuen: Josetxo Arizkuren, Kantauri, ETAko buru ohia, eta haren deklarazioa ere entzuteko xedez, euroagindua eman zuen, egun Frantzian preso baitago.

Bestalde, Auzitegi Nazionaleko epaileak artxibatu egin zuen ETAko beste buruzagi baten, Iñaki Graciaren, aurkako auzia, egotzitako delituek preskribatu egin zutelakoan.

Ertzaintzak eta Guardia Zibilak ETAren zuzendaritzari egotzi zioten Ermuko zinegotzi zena bahitzeko eta hiltzeko agindua eman izana, iritzita tankera horretako agindu bat goi-buruzagiek baino ezin zutela eman. Epailea ere bat etorri zen argudio horrekin, eta, auto batean, gaineratu zuen ETAko buruzagiek ez zutela "ezer" egin bahiketari amaiera emateko edo hilketa galarazteko, krimenarekin "ados" zeuden erakusle.

Garcia Castellonek martxoan abiatu zuen ikerketa, Dignidad y Justicia elkartearen kereila bat onartu eta gero.

2006an, Auzitegi Nazionalak 50 urteko espetxe zigorra ezarri zien Francisco Javier Garcia Gaztelu, Txapote, eta Irantzu Gallastegi Sodupe ETAko kide ohiei, Miguel Angel Blancoren hiltzaile materialak izateagatik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Auzitegi Nazionala Politika Ermua berriak ETA PP Gipuzkoa Eguneko albisteak Albisteak Terrorismoaren Biktimak