Politika
Alderdi Popularra
Pintaketak egin dituzte PPk Portugaleten duen egoitzan
Agentziak | EITB MEDIA
"Faxistak" eta "Fuck" hitzak irakur daitezke fatxadan. Txio batean, Carlos Iturgaiz Euskadiko PPren presidenteak "Sanchezen bazkideei" egotzi die gertatutakoa.
-
Horrela azaldu da gaur PPk Portugaleten duen egoitzaren fatxada. Argazkia: @carlositurgaiz
Pintaketak agertu dira gaur Alderdi Popularrak Portugaleten (Bizkaia) duen egoitzan, eta, besteak beste, "faxistak" izatea egozten diete PPko kideei. Carlos Iturgaiz Euskadiko PPren presidenteak eman du pintaketen berri, Twitterren duen profilean.
Txioarekin batera, bi argazki zabaldu ditu buruzagi popularrak. "Faxistak", "fuck" ("izorrai", euskaraz) eta "Gora Euskadi" irakur daiteke egoitzako horman.
Carlos Iturgaizen aburuz, "Sanchezen bazkideek" egin dituzte pintaketak. "Irainekin gure egoitzak zikintzen dituzten erradikalak, eta Bilduk, Sanchezen bazkideak, justifikatu egingo du, eta ez du gaitzetsiko", adierazi du.
Mezuan, Portugaleteko alderdikideei eskerrak eman dizkie PPko buruak, "askatasunaren eta bizikidetzaren alde egiten duten lanagatik".
Los verdaderos fascistas de esta tierra vasca son los radicales que marcan nuestras sedes con insultos, y Bildu, socios de Sánchez, lo justificará y no condenará. Todo mi agradecimiento por su trabajo en defensa de la convivencia y la libertad a mis compañeros de @PPPortugalete . pic.twitter.com/0Kj8N1YKSc
— Carlos Iturgaiz (@carlositurgaiz) July 13, 2022