Politika -

Loiolako kuartela

Donostiako Udalak helegitea aurkeztuko dio Loiolako kuartelen sententziari "hiriaren interesak defendatzeko"

Epaia "harrigarria" dela uste du Donostiako Udalak. EAEko Auzitegi Nagusiak Voxen helegitea partzialki onartu ondoren, egitasmoak bideragarriak ez direla azpimarratu du Udalak. Defentsa ministroarekin izan duen elkarrizketan, "oztopo hori gainditzeko" borondatean bat egin dutela adierazi du.

Loiolako kuartelak, Donostian. Irudia: EITB MEDIA
Loiolako kuartelak, Donostian. Irudia: EITB MEDIA
Loiolako kuartela babestea behartzen duen Auzitegi Gorenaren epaiari helegitea jarriko dio Donostiako Udalak

01:17

Agentziak | EiTB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eneko Goia Donostiako alkateak, hedabideen aurrean egindako agerraldian, zuhurtziaz jokatu beharra azpimarratu du, "epaia eta beste elementu batzuk aztertu behar direlako", baina, era berean, azpimarratu du irmotasunez jokatuko dutela kuarteletako lurrak "hiriaren beharretarako erabil daitezen lortzeko, "horretan ez dugu etsiko, azkeneraino borrokatuko dugu", esan du.

Hala, baieztatu du Udalak helegitea aurkeztuko duela EAEko Auzitegi Nagusiak Loiolako kuartelen inguruan emandako sententziaren aurka, "hiriaren interesak defendatzeko". Udalak 1.700 etxebizitza eraiki asmo ditu lur horietan.

Azaldu du atzo arratsaldean EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren epaia jakin bezain laster, Margarita Robles Defentsa ministroarekin hitz egin zuela, eta biek bat egin zutela agertu den zailtasun hori gainditzeko borondatean, bai eta lursailei eman dakieken erabilerari eta izan dezaketen balioari buruz hitz egiten jarraitzeko ere.

Gogoratu du elkarrizketak eta akordioa "oso aurreratuta" zeudela urte eta erdiko elkarrizketen ondoren, "xehetasunak aztertzen ari ginen". Gaineratu duenez, "oztopo honek orain arte egindakoaren baliozkotasunari buruzko zalantzak jartzen ditu mahai gainean", baina argi utzi du prozesua ez dela eten.

Donostiako Udalaren hitzetan, EAEko Auzitegi Nagusiaren sententziak Loiolako kuartelen eraikinei babesa emanda, eremuko garapen urbanistikoa eragozten du. Epaia "harrigarria" dela uste du Udalak.

EAEko Auzitegi Nagusiak Vox ultraeskuineko alderdiaren helegitea partzialki onartu ondoren, egitasmoak bideragarriak ez direla azpimarratu du Udalak, kuartelak Donostiako eraikin babestuen katalogoan sartzera behartu baitu. Voxek ez du ordezkaririk Donostiako Udalbatzan.

Voxek aurkeztutako argudioetako bat irakurri du Goiak, auzitegiak onartu eta epaian jaso duena. Bertan esaten denez, "Donostiarentzat eta Espainiaren kohesio eta modernizazioarentzat erabakigarria den une baten lekuko izan nahi da, Europako gainerako potentzien aurrean pausoa ez galtzeko ahaleginean". Horren aurrean, Goiak azpimarratu duenez, "helburua ez da ondarea babestea".

Udaleko iturriak harrituta agertu dira epaiarekin "berria" delako; izan ere, "Auzitegiak erabaki ditu hirian babestu beharreko osagaiak, sekula egin ez bezala".

"Defentsa Ministerioarekin lantzen ari ginen akordioaren puntu guztiak ezbaian jartzen ditu sententziak, azken fasean zegoen negoziazioa, kuartelen eraikinak babestuz, etorkizunean esku-hartzea eragotziz", diote Udaleko iturriek.

Eraikinak kontserbatzeko betebeharrarekin, Udalak lursailei emandako balorazioak "oinarri guztia galdu du".

"Udalak etxebizitza beharrizanei erantzuna eman nahi zion, ekipamenduekin eta toki publikoekin esparru berri bat antolatuz. Epaiak balorazio ekonomikoa pikutara bidali eta hiriarentzako ona zen operazioa eragozten du, nahiz eta urte askoan zehar eskatu den zerbaitez aritu", deitoratu dute iturriek.

Udalaren esanetan, sententziari esker, "ondarearen babesaren izenean, kuartelek ezin izango dute beste erabilerarik izan, militarra soilik".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostiako Udala Politika Donostia Gipuzkoa Euskal Autonomia Erkidegoa Eguneko albisteak Albisteak Vox EAEko Justizia Auzitegi Nagusia Loiola auzoa Etxebizitza gaur