Politika -

Euskal sozialistak

Andueza: "Eskubideen eta aberriaren artean, nazionalistek beti bigarrena nahiago dute"

PSE-EEko idazkari nagusiak azpimarratu duenez, "aurrera egiteko gaitasuna erakutsi du Espainiako Gobernuak, ideiekin eta ausardiaz, agenda progresista batekin, Estatuaren Egoerari Buruzko Eztabaidan ageri geratu zenez".

Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusia. Argazkia: EITB MEDIA
Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusia. Argazkia: EITB MEDIA
Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusia. Argazkia: EITB MEDIA

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusiak kritikatu duenez, "eskubideen eta aberriaren artean, hau da, herritarren bizitza hobetzearen eta eskumenen banaketa eztabaidatzearen artean, nazionalistek beti bigarrena nahiago dute". Horren aurrean, Anduezaren hitzetan, "aurrera egiteko gaitasuna erakutsi du Espainiako Gobernu sozialistak, ideiekin eta ausardiaz, agenda progresista batekin, Estatuaren Egoerari Buruzko Eztabaidan ageri geratu zenez".

Zarauzko Ezkertokiaren 40. urteurrenaren harira, Gipuzkoako udalerri horretan egindako ekitaldi politikoan egin ditu Anduezak adierazpen horiek. Jose Ignacio Asensio Gipuzkoako PSE-EEko idazkari nagusia eta Gloria Vazquez Zarauzko PSE-EEko idazkari instituzionala ere bertan izan dira.

Estatuaren Egoerari Buruzko Eztabaidan Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak iragarritako neurriak txalotu ditu Anduezak, "Ukrainako gerraren ondorioak leuntzeko eta langileak babesteko" baitira. "Aurrera egiteko gaitasuna erakutsi du Espainiako Gobernuak, ideiekin eta ausardiaz, agenda progresista batekin, Estatuaren Egoerari Buruzko Eztabaidan ageri geratu denez", gaineratu du.

Bestalde, PPri eta alderdi nazionalistei egotzi die "euren erresistentziekin eta zalantzekin, asmo alderdikoiak lehenetsi nahi" izatea. Anduezaren esanetan, pandemia garaian eta Ukrainako inbasioaren ostean, babesak "nekez eman dira, edo faltan izan dira, EAJk eta EH Bilduk lan-erreformaren aurka bozkatu zutenean bezala".

Hori dela eta, "ziurgabetasun energetiko eta ekonomiko honetan, planteamendu progresisteei emandako bultzada" azpimarratu du, eta "herritar ahulenak babesteko politikak egitea" defendatu du. "Idoia Mendia lehendakariordeak sustatutako Diru-Sarrerak Bermatzeko Errentaren erreforma" aipatu du horren adibide gisa.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Espainiako Gobernua albisteak PSE-EE Eguneko albisteak Albisteak Eneko Andueza Zarautz