Politika -

Transferentziak

Garamendi Rodrigezekin bilduko da transferentzien atzerapenen inguruan hitz egiteko

Autogobernu-sailburuaren eta Lurralde Politikako ministroaren arteko hitzordua uztailaren 29an izango da, Leioan, Pedro Sanchezek transferentzia jakin batzuetan "nolabaiteko paralisia" onartu izanak Eusko Jaurlaritzan sortu zuen ezinegonaren ondoren.

Rodriguez eta Garamendi, EFEren artxiboko irudi batean.
Rodriguez eta Garamendi, EFEren artxiboko irudi batean.
Rodriguez eta Garamendi, EFEren artxiboko irudi batean.

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Isabel Rodriguez Lurralde Politikako ministroa eta Olatz Garamendi Autogobernu-sailburua, uztailaren 29an Leioan bilduko dira eskumen batzuren eskualdatzean izaten ari diren atzerapenen inguruan hitz egiteko, Espainiako Gobernuko presidente Pedro Sanchezek transferentzia horietako batzuk egingarriak zirenik zalantzan jarri ostean. 

Sanchezek Nazio Egoeraren Eztabaidan esandakoek ezinegona sortu zuen Eusko Jaurlaritzan. Sanchezek, EAJri erantzunez, aipatu zuen "nolabaiteko paralisia" zegoela  egiteke dauden transferentzien prozesuan, eta bere gobernuak 2020an Eusko Jaurlaritzari helarazi zion kronograman jasotako lau eskumenen eskualdatzea gauzatzea "zaila" zela ere esan zuen.

Eusko Jaurlaritzaren iturriek azpimarratu dutenez, Espainiako Gobernuak ezin du "aldebakarrez" erabaki zer eskualdatzen den eta zer ez; izan ere, Gernikako Estatutuan jasota egoteaz gain, Sanchezen Gobernuak berak egutegi bat aurkeztu zuelako.

Rodriguezen eta Garamendiren arteko azken bilera martxoan izan zen, Transferentzien Batzorde Mistoan, eta bertan sinatu zen Bizitzeko Gutxieneko Diru-sarrera eskualdatzea, Euskadira iritsi den azken eskumena.

Urtebete lehenago, 2021eko maiatzean, beste lau eskumen aldatzea adostu zen, besteak beste, espetxeen kudeaketa. Horren ondorioz, Basauriko (Bizkaia), Langraizko (Araba) eta Martuteneko (Gipuzkoa) espetxeak Eusko Jaurlaritzaren mende geratu ziren urrian.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Eusko Jaurlaritza Espainiako Gobernua Eguneko albisteak Albisteak EAEko Autonomia Estatutua