Politika -
ANDALUZIA
Morenok “Andaluziako harrotasun berria” aldarrikatu du presidente-kargua hartzeko ekitaldian
Popularren buruak “berritutako eta topikorik gabeko” Andaluzia defendatu du.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Juanma Moreno Andaluziako Juntako presidenteak andaluziar "harrotasun berria" aldarrikatu du larunbat honetan izan den presidente-kargua hartzeko ekitaldian. Bertan, "berritutako eta topikorik gabeko" Andaluzia defendatu du.
Ekitaldian Alberto Nuñez Feijoo PPko presidenteak adierazi du Andaluzia "babestuta" dagoela Estatutuko "krisi instituzional eta ezegonkortasun politikoaren" aurrean.
Bertara alderdiko beste aurpegi ezagun batzuk ere gerturatu dira, hala nola Mariano Rajoy eta Isabel Diaz Ayuso. Azken honek autonomia erkidegoen arteko "leialtasuna" eskatu du, autonomien finantziazio erreformaren harira, eta "kezkatuta" agertu da Pedro Sanchezen "delirio komunistengatik".
Ostegun honetan izendatu zuten Moreno presidente Parlamentuan, eta bere bigarren agintaldiari ekin zion. Andaluziako gobernuan alderdi bakarra izango da lehen aldiz.