Politika -
Memoria historikoa
Hamar fusilaturen gorpuzkiak atera dituzte Baternaingo hiru hobitatik
Litekeena da gorpuak 1936ko uztaileko kolpe militarraren ondorengo hilabeteetan Iruñeko kartzelatik ateratako lagunenak izatea. 1936ko udan eta 1937ko aurreneko hilabeteetan, fusilamenduak eta hobiratze klandestinoak izan ziren Baternainen.
Agentziak | EITB Media
Nafarroako Memoria Institutua hamar fusilaturen gorpuzkiak hiru hobitatik ateratzen ari da Baternainen. Ana Ollo kontseilariak deshobiratze lanak bisitatu ditu goizean.
Nafarroako Gobernuak ohar batean jakitera eman duenez, litekeena da, gorpuak 1936ko uztaileko kolpe militarraren ondorengo hilabeteetan Iruñeko kartzelatik ateratako lagunenak izatea.
1936ko udan eta 1937ko aurreneko hilabeteetan fusilamenduak eta hobiratze klandestinoak izan ziren Baternainen, baita Zizur Zendean edo Oltzan ere. Prospekzio lanak uztailaren 20 hasi ziren, eta hiru hobi topatu dituzte.
Nafarroako Fusilatuen Senide Elkartearen eskutik iritsi ziren lehenengo informazioak, 2017an. Udalerriko bizilagun baten testigantza jaso zuten. Bere amak kontatu zion "hango zelaietan, 10 edo 12 pertsona hil" eta "bertan ehortzi zituztela, eta, hainbat urtez, eremua mailaturik egon zen. Ondoren, makinekin lan egiten hasi zirenean, berdindu egin zen".
Urte hartan egindako prospekzioek negatibo eman zuten, baina ondoren, bereziki Baternaingo Kontzejuak bultzatutako ikerketek ibilbidean aldaketa bat antzeman eta hobiratze tokia kontrako bazterrean zegoela ondorioztatu zuten.
Pertsonen nortasuna zehazteko DNA probak egingo dizkiete gorpuzkiei eta senideei, NASERTIC laborategian alderatzeko.
Deshobiratzeak aurrera eramateko, Foru Gobernuak Aranzadi Zientzia Elkartearekin hitzarmen bat sinatu zuen, eta urtero berritzen du.
Orain arte, 13 bilaketa eraman dituzte aurrera, horietako hirutan emaitza positiboarekin. Gutxienez, 35 gorpu aurkitu dituzte: bat, Antsoainen; 23, Berriozarren eta gutxienez 10, Baternainen.