Politika -
Tasa turistikoa
Goiak ez du babesik lortu tasa turistikoari buruzko eztabaidari "berriro ekiteko"
Donostiako PSE-EEk eta Javier Hurtado Turismo sailburu sozialistak neurria errefusatu dute, baita PP+Cs alderdiak ere. Donostiako EH Bildu eztabaidatzeko prest agertu da, hiriaren "eredu turistiko jasangaitza" aldatzeko aukera gisa ikusten duelako.
O. P. | EITB Media
Inork ez dio heldu Eneko Goia Donostiako alkateak atzo tasa turistikoaren eztabaida berreskuratzearen inguruan botatako amuari. Donostiako alkateak irrati-elkarrizketa batean adierazi zuenez, gaia mahai gainean jartzeko unea da, ikusirik Donostiako turismoa berreskuratu dela jada covid-19aren pandemiaren ondorioetatik. Hala ere, onartu zuen Donostiak ez duela halako figurarik sortzeko eskuduntzarik.
Tasa turistikoaren ezarpenari buruzko eztabaidak desadostasunak eragin ditu Donostiako udal gobernuan bertan, eta Marisol Garmendia bigarren alkateorde sozialistak kritikatu egin du bere bazkideak, EAJk, zerga hori ezartzeko duen "obsesioa".
PSE-EEko zinegotziak baztertu egin du Donostian tasa turistikoa ezartzea, zer eta "Donostiako ekonomia bereziki mindu duen eta pandemiak eragindako bi urteko tunel luze batetik ateratzen ari denean".
Garmendiak gogorarazi duenez, pandemiaren urteek langabezia igotzea eta hiriko saltoki asko ixtea ekarri dute, eta orain, bisitarien kopurua gora egiten ari denean, "ez da egokia turismoari begirada inkisitorialez begiratzea, Donostiako arazo iturri bakarra balitz bezala". Gaineratu duenez, "badirudi turismoa dela Donostian hartutako erabaki batzuk sortzen ari diren zirkulazio kaosaren errudun".
Zinegotzi sozialista ados agertu da "turismoa erregularizatu" behar izatearekin, eta "jasangarria eta kalitatezkoa" izatearen alde egin behar dela deritzo.
EH Bilduren Donostiako udal taldea bakarrik agertu da prest eztabaidarako, ez horrenbeste tasaren alde dagoelako zuzenean, baizik eta hiriko turismo eredua, "inolaz ere jasangarria ez dena" aldatzeko faktore bat izan daitekeela uste duelako. Gogorarazi du urteak daramatzala "Eneko Goiaren alkatetzan ezarritako eredu turistikoaren ondorio negatiboez ohartarazten". Horregatik, tasa turistikoa "turismoaren itzulkin soziala bermatzeko eta sortzen duen aberastasuna banatzeko tresna ona" izan daitekeela uste du, eta eztabaidan "aktiboki parte hartuko" duela dio, ikuspegi horretatik.
Gasteiztik ere ezezkoa
Eusko Jaurlaritzak, Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburu Javier Hurtadoren (PSE-EE) bitartez, ostegun honetan zehaztu du tasa hori Euskadin ezartzea ez dela "lehentasunezkoa, ezta beharrezkoa ere", eta gogorarazi du 2019an Euskadiko Turismo Mahaiak aukera hori "gehiengoz" baztertu zuela.
Gainera, nabarmendu duenez, EAJk eta sozialistek ez zuten proposamen hori hauteskunde-programetan jaso, eta koalizio-akordioak ere ez du tasa hori aurreikusten; beraz, "ez da legealdi honetan ezarriko".
Bestalde, Carmelo Barrio PP+Cs Legebiltzarreko taldeko bozeramailea Euskadin tasa turistikoa ezartzearen aurka agertu da, eta "konfiskatzeko politikei ezetz esan behar zaiela" adierazi du. Adierazi duenez, "albiste txarra" da turismoaren sektorea covid-19ak eragindako krisitik ateratzen saiatzen ari denean "zerga gehiagoren mehatxua" egotea, "oso jarrera espainiarra da orain, Sanchezen Gobernuarekin", eta, Barriok dioenez, EAJk "men egiten dio".