Politika -

Elkarrizketa

Otegi: "Estatu izan nahi badugu, estatu itunak behar ditugu, baita energian ere"

EH Bilduko koordinatzaile nagusia prest agertu da gainerako alderdiekin akordio zabalak lantzeko hainbat arlotan, beti ere, "jendearen eskubideak bermatzera" eta "aberastasunak banatzera" bideratzen badira.

Arnaldo Otegi, gaur Euskadi Irratian. EITB Media
Arnaldo Otegi, gaur Euskadi Irratian. EITB Media
Arnaldo Otegi, gaur Euskadi Irratian. EITB Media

play icon 25:20

O. P. | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak Estatu itunen aldeko apustua egin du gaur Euskadi Irratian egindako elkarrizketan, eta prest agertu da energiaren euskal ituna lantzeko. Hala erantzun dio Andoni Ortuzarrek asteburuan egindako proposamenari; halere, zehaztu du, "Estatu izan nahi badugu", energian bezala, beste hainbat arlotan ere behar direla itunak, "Hezkuntzan egin genuen bezala", Euskaran, komunikabideen arloan edo Poliziarenean, esaterako. 

EH Bilduren ustez, energia itunean aurrera egiteko, "herri ikuspegitik" ekitea beharrezkoa da, bai eta Euskal Herriaren menpekotasun energetikoaren azterketa zorrotz bat egitea ere. Bi baldintza zehaztu ditu, gainera: batetik trantsizio energetikoa ezin dela egin "Petronorren eta Iberdrolaren interesen arabera" eta, bestetik, jendearekin egin behar dela; "herritarrek inplikatuta egon behar dute".

Inflazioaz eta egoera globalaren norabideaz galdetuta, Otegik esperantzarako deia egin du: "gauzak diren bezala esan behar dira, baina katastrofismotan erori gabe". Izan ere, bere ustez "egoera konpondu daiteke hainbat alorretan norabidea aldatzen bada". Iragarpen beltzen atzean arduradunak daudela azpimarratu du, gerra luzatzeko interesa dutenak, hain zuzen, "Europako eliteak eta gobernuak, NATO eta AEB", azken horren estrategiari "men egiten" diotenak.  

Egoera iraultzeko beharrezkoa da Otegiren ustez, "nazioarteko komunitateak herri interesekin bat egitea, eta ez eliteen interesekin. Ez dago arma-deseskalatzea beste irtenbiderik". Osterantzean, inflazioak, elikagaien eskasiak eta prezioen igoerak jarraitu egingo duela ohartarazi du, eta galdetu du zer ote den gerrarekin irabazten dena. "Ez al da arrazionalagoa esatea, Minskeko akordioak berreskuratzea, mahai baten bueltan eseri eta arazoak konpontzea? Norentzako dira bestela onurak? Oligopolio energetikoarentzat eta AEBrentzat. Herriak ez du ezer irabazten".

EH Bilduren planteamenduak eta NATOrekin lerrokatuta dagoen Espainiako Gobernuarekin egindako akordioak eta emandako babesa kontraesanean ez ote dauden galdetuta, ezetz erantzun du Otegik, EH Bilduk ez duela PSOE babesten "guk akordio puntualak egiten ditugu, eta babestu egiten ditugu aurrerapen sozialak dakartzaten neurriak, dekretu energetikoa, erregaien muga ezartzen zuena, pentsio kontributiboen legea eta abar. Baina horrek ez du esan nahi gobernuak gure babesa duenik gauza guztietan". Gogorarazi du EH Bildu gastu militarra handitzearen eta NATOren estrategiaren kontra dagoela, "besteak beste, herri honek ezetz esan ziolako NATOn sartzeari". Gertatzen da aurrekontuak termino globaletan ulertu behar direla".

Ikasturte politikoaren hasierako ekitaldian esandakoaren haritik, energiaren eta higiezinen sektoreetan esku hartu beharra azpimarratu du. "Etxebizitza eta energia eskubideak" diren heinean, jendearen giza eskubideak babesteko beharrezko neurri guztiak hartzea defendatu du. "Batzuek diote energiaren eta etxebizitzen arlo horien atzean merkatua dagoela, guk diogu politika dagoela, eta politikak posible du jendearen hainbat arazo konpontzea". Horren haritik, azpimarratu du "neurri paliatiboen garaia bukatzear" dagoela, eta neurri estrukturalak behar direla.

Halaber, hauteskundeek eta legegintzaldiek markatzen dituzten ziklo motzak erlatibizatu beharra nabarmendu du "etorkizuneko erronka kolosalei" aurre egiteko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Arnaldo Otegi Politika EH Bildu Bizkaia Albisteak Gaur Gaurko azken ordukoa Irratia euskaraz