Politika -
Radio Euskadin
EAJk gutxiengoan goberna lezake Urkulluren iritziz
Ukatu egin du egoera ekonomikoaren arazoa erakundeen eredua izatea, "Jaurlaritzak ez du ezer egin, hori da arazoa", Urkullurentzat.
Erredakzioa
Iñigo Urkullu EAJren EBBko presidenteak lehendakari izateko hautagaitzaz hitz egin du eta "EBBko hautagaia naiz, baina prozesua ekainaren 5ean amaituko da", zehaztu du Radio Euskadiko elkarrizketa batean.
"Proposamenaren inguruan nire gogoetak egin nituen, baina konpromiso pertsonalaren inguruko zalantzarik ez dut izan", adierazi du.
Ildo honetan, EAJk hauteskundeak irabaziz gero, "agian, gutxiengoan gobernatuko luke", adierazi du Urkulluk, baina euskal alderdi guztiekin hitz egiteko nahia azaldu du.
Hauteskundeak irabaziz gero, "era guztietako adostasunak" lortzeko prest dagoela azaldu du Urkulluk, eta herrialdeko auzi nagusien inguruko eztabaidetarako "irekita" daudela gaineratu du, besteak beste, egoera ekonomikoa, autogobernua eta normalizazio politikoa.
Fiskalitatea
Fiskalitatearen inguruko proposamenen harira, Iñigo Urkulluk adierazi du inork ezin diola bere alderdiari auzi honen inguruko eztabaida bat ukatzea egotzi, "atzo jada argi gelditu zen PSE-EEk erakundeen inguruko aldaketa nahi zuela, eta ezerezean gelditu da".
"EAJk beti esan izan du zergen inguruko gogoeta beharrezkoa dela, baina eskumen horiek landu behar diren arloetan. Gogoeta sakona behar da, gainera, eta EAJ erabat prest dago", azpimarratu du.
"Egoera ekonomikoaren arazoa ez da erakundeen eredua, Jaurlaritzak ez duela ezer egin, baizik", Urkulluren ustez.