Politika -
Erresuma Batua
Elizabeth II.aren "zerbitzu leialak itzal positiboa utzi du Erresuma Batuan eta Europan", Urkulluren ustez
Lehendakariak dolumin mezua helarazi dio enbaxadore britainiarrari Ingalaterrako erreginaren heriotza dela eta. Urkulluren arabera, monarkak "britaniar herriaren mesedea irabazten jakin izan du, baita nazioarteko errespetua ere".
EITB Media
Elizabeth II.aren heriotza dela eta izandako dolumin mezuei batu zaie Iñigo Urkullu lehendakaria, eta atsekabea adierazteko mezu laburra bidali dio enbaxadore britainiarrari.
Facebooken duen profilean partekatu du mezua lehendakariak. Bertan dioenez, "erreginak britaniar herriari zerbitzurik leialena eskaini dio bere bizitza osoan zehar, itzal positiboa utziz bai Erresuma Batuan, bai Europa osoan".
Urkulluren ustez, Elizabeth II.ak "britaniar herriaren mesedea irabazten jakin izan du, baita nazioarteko errespetua ere".
Lehendakariak bere "doluminak bihotzez" helarazi nahi izan ditu Eusko Jaurlaritzaren izenean, eta "goian bego" esamoldearekin bukatu ditu lerrook.
Elizabeth II.a atzo zendu zen, 70 urteko erreinaldiaren ondoren.