Politika -
ELKARRIZKETA EUSKADI IRRATIAN
Andueza: "PSEren barruan, eolikoen aldeko jarrera argia da, ez dago eztabaidarik"
PSEko idazkari nagusiaren hitzetan, albiste pozgarria litzateke trantsizio energetikoaren inguruan "akordio zabala" lortzea. Zentzu horretan, harrituta agertu da EH Bilduren "jarrera aldaketarekin". "Zer aldatu da?", galdetu du.
IDOIA ALBERDI ETXANIZ | EITB MEDIA
Norvegiako Statkraft multinazionalak Euskal Herrian bi parke eoliko egiteko proiektuaren berri zabaldu zenetik, erreakzio sokak ez du etenik. Gaur, Eneko Andueza PSEko idazkari nagusiak hitz egin du horren inguruan, Euskadi Irratian egindako elkarrizketan. Buruzagi sozialistak begi onez ikusten du egitasmoa, eta nabarmendu du PSEk "beti" egin duela "energia berriztagarrien aldeko apustua".
Trantsizio energetikoaren inguruko akordioa lortzea "albiste oso ona" litzatekeela esan du buruzagi sozialistak, balizko itun hori gertu legokeen argitu gabe. "Poztekoa litzateke akordioa lortzea. PSE aspalditik ari da aldarrikatzen eredu energetikoa aldatzea", adierazi du. Zentzu horretan, esan du euskal sozialisten artean gai honen inguruko arrakalarik ez dagoela, Zumagarragako Udala —PSEk du alkatetza— Oleta eta Izazpi mendietan eraiki asmo duten parke eolikoaren kontra agertu bada ere. "Guk legedia betetzeko eskatzen dugu, eta hori aztertzeke dago", gehitu du Zumarragakoari buruz.
Bestalde, harrituta agertu da "orain, batzuek" halako proiektuen aldeko jarrera agertzea, EH Bilduk agertu duen jarrerari erreferentzia eginez. "Zer aldatu da? Orain Norvegiako enpresa batetik datorrela eta enpresa hori publikoa dela? Eredua ez da aldatu", nabarmendu du.
Banketxeei eta energia enpresei ezartzekoa zaien zerga berezia ere izan du hizpide Anduezak. Haren iritziz, diru hori Espainiako Gobernuak edota Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) ogasunek, nork bildu behar duen ez da garrantzitsuena. Horren hitzetan, "garrantzitsuena da zerga onartzea", eta ondoren ikusiko da noren kutxan geratzen den. Euskal ogasunek sistema propioa izan arren, Espainiako Gobernuak kasu honetan hartutako bideak "enkaje juridiko berezia" eskatzen duela aitortu du.
EAJrekin dituzten desadostasunen inguruan, berriz, "normaltasunaren barruan" kokatu ditu, "tradizio politiko ezberdineko" alderdiak direla kontuan izanda. "Adostuta ez ditugun gaietan bakoitzak bere iritzia du", esan du. Horren harira, Aitor Esteban EAJk Kongresuan duen eledunak atzo PSEri egindako kritikei erantzun die. Buruzagi jeltzalearen hitzetan, Anduezak eskumenen transferentzia lehentasuna ez dela esatea "lotsagarria" da, eta bide beretik erantzun dio gaur euskal sozialisten idazkariak: "Ohituta gaude Estebanen adierazpenekin, beti gauza itsusiak esaten dituelako. Nik diodana da eskumenak ez direla ezinbestekoak gaur egun duen errealitate gordinari aurre egiteko. Baditugu beste lehentasun batzuk. Horrek ez du esan nahi transferentziak egin behar ez direnik".