Politika -
eh bildu
Otegik dio merkatuan esku hartu behar dela, "oinarrizko eskubideak bermatu arte"
EH Bilduko koordinatzaile nagusiak iragarri duenez, taldeak "Gehiengo sozial langileen aldeko proposamena" aurkeztuko du datozen asteetan.
agentziak | eitb media
Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak larunbat honetan berretsi duenez, koalizioak jarraituko du defendatzen energiaren eta higiezinen sektoreetan esku hartzeko proposamena. Zehaztu du esku-hartze horrek "jendearen oinarrizko eskubideak bermatzen diren puntura arte" iritsi behar duela.
EH Bilduk larunbat honetan Bilbon egin duen Konferentzia Politikoaren aurreko mintzaldian, Otegik adierazi du "aste batzuen buruan" ongizate estatuaren mantenurako ekimen bat aurkeztuko duela alderdiak, "Gehiengo sozial langileen aldeko proposamena" izenpean.
Egungo egoera ekonomiko eta soziala "premiaz geldiarazteko" neurri-dekalogo bat jasotzen du proposamenak, bi hausnarketatik abiatuta: "Edo ekoizpen eta kontsumo eredua aldatzen da, edo planetak ez du jasango; edo aberastasunaren birbanaketa errotik aldatzen da, edo hau ez dugu jasango", esan duenez.
"Jendearen bizitzak ezin du merkatuaren interesen menpe egon, oligopolioak euren akziodunei zor zaizkielako, baina gu, ordea, jendeari", nabrmendu du. Hori dela eta, energiaren eta higiezinen merkatuetan esku-hartzea azpimarratu du neurri guztien artean.
Otegik azaldu du "nolabaiteko dramatismoarekin" hitz egiten dela uneko agertokiaz, eta "etorkizun beltza" aurreikusten dela. Jarrera horien aurrean defendatu du posible dela "gelditzea eta norabidea aldatzea".
"Elite ekonomiko eta politikoaren interesak defendatzen dituztenen hutsegiteak dira honaino ekarri gaituztenak, bai EBn bai Euskal Herrian; horiek dira une honetara ekarri gaituzten arduradunak", esan du.
Gaineratu du ezker independentista "prest" dagoela une honi aurre egiteko, eta "zailtasunetan tematzeari utzi eta alternatibez aritzeko. Lasaitasun, baretasun eta baikortasun mezua helarazi nahi dugu", nabarmendu du.
Esan duenez, itxaropen mezu hori kalera eramango dute, alderdiak Bilbon azaroaren 12rako deitutako manifestazioan eta, Manu Chaoren abesti bat parafraseatuz, martxa horren leloa iragarri du: "hurrengo geltokia: itxaropena".