Politika -
ALDERDI POLITIKOAK
Podemos Euskadik gizartearen gehiengoaren aldeko herri itun bat eskatu du
Alderdiak erreforma fiskal sakona eskatu die euskal ogasunei. Halaber, irabazi handiak dituztenei ezohiko zerga bat ezartzea proposatu du.
EITB MEDIA
Podemos Euskadik herri itun bat egitea eskatu du autogobernuaren tresnak, kontzertu ekonomikoa eta zerga autonomia erabilita gizartearen gehiengoaren alde, eta herritarren bizitza hobetzeko helburuarekin gaur izandako ikasturte hasierako lehenengo bileran.
Alderditik politika aurrerakoiak erdigune izatea aldarrikatu dute, eta herrialde eredu berri bat eskatu du, "Jaurlaritzaren politika zaharren aurrean".
Bertan, halaber, Pilar Garrido alderdiko koordinatzaileak erreforma fiskal sakona eskatu die euskal ogasunei. Bere hitzetan, gehien duenak, gehien ordaindu behar du, eta ez langileen bizkarrean ongizate estatuari eutsi.
Horren aurrean, alderdi moreak irabazi handiak dituztenei ezohiko zerga bat ezartzea proposatu die beste euskal alderdiei.
Gainera, ondare zerga ere erreformatzea proposatu du. "Zerga berriak behar ditugu, fiskalitate berdea, eta genero ikuspegia kontuan hartuta", adierazi du Garridok.