Politika -

POLITIKA OROKORREKO EZTABAIDA

Martinezen arabera, "EAJk diruz lagundutako independentzia nahi du: guk gonbidatu eta espainiarrek ordaindu"

Voxeko legebiltzarkidearen iritzian, "Euskal Herria oasi faltsu batean bilakatuko duen kimera faltsurik ez dugu behar euskaldunok". "Gure historiari leial izango zaion eredu politikoa behar dugu", adierazi du.

Amaia Martinez (Vox), gaur, Legebiltzarrean.
Amaia Martinez (Vox), gaur, Legebiltzarrean.
Amaia Martínez Voxeko parlamentariaren hitzaldi osoa

29:36

IDOIA ALBERDI ETXANIZ | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iñigo Urkullu lehendakariak goizean egindako hitzartzearen ondotik, arratsaldean berrekin diote Eusko Legebiltzarrean Politika Orokorrari buruko Eztabaidari. Vox taldeko Amaia Martinez izan da hitza hartzen lehena, eta hitzaldi osoan, EAJren kudeaketa ereduaz aritu da, kritika gogorrak eginez. Euskal herritarren eguneroko arazoei erantzuna ematea oinarri duen eredu bat izan beharrean, "errentagarritasun politikoa helburu" duen "marketin ariketa on bat" ikusten du Martinezek jeltzaleen egungo jardunean.

Bere hitzetan, Euskadik ez du eskumen gehiago behar, eta antzua iritzi dio transferentzien inguruko eztabaidari. "Ondo kudeatutako lurralde eredu eraginkorra da behar duguna", esan du, "Espainiatik kanpora hotz handia" egiten duela nabarmentzearekin batera. Horregatik, gehitu duenez, "kontzertu politikoa edo subiranotasun partekatua" bezalako kontzeptuetan oinarritutako estatusa proposatzen dute abertzaleek. Zentzu horretan, "lagundutako independentzia" nahi izatea egotzi dio EAJri: "alegia, guk gonbidatu eta espainiarrek ordaindu".

Arazoei aurre egiteko ezintasuna ere leporatu die Eusko Jaurlaritzako egungo kudeatzaileei. Halaber, esan du egiturazko arazoei aurre egiteko "plazebo soiletan oinarritutako formulak" bakarrik eskaintzen dituztela. "Adabakiak jartzen ari dira egiturazko konponbideak ipini behar diren tokian", gehitu du. Kudeaketarako aliantza eta lagun arriskutsuak bilatzea ere egotzi dio Urkulluri.

Egoera ekonomikoaz ere gogor aritu da Martinez, eta orain arte krisi ekonomikoari aurre egiteko hartu diren neurriak eskasak izan direla azaldu du. "Prezioak kontrolik gabe goraka eta aurrekaririk gabeko inflazioaren aurrean" gauden bitartean, ohartarazi duenaren arabera, Jaurlaritzak mahai gainean jarri dituen neurriek ez dituzte herritarrak babesten. "Herritarrek ez dute eskupekorik behar. Hazkunde ekonomiko sendoa, egonkorra eta iraunkorra bermatuko duen sakoneko erreforma fiskala baizik", gehitu du.

Osakidetzaz ere hitz egin du bere hitzaldian Voxeko ordezkariak, eta hondoratzear dagoen "urez beteta dagoen itsasontzia" dela esan du. Eredugarria izatetik "gainbeheraren eta lidergo posizioen galeraren adibide ona" izatera pasatu den egitura da euskal osasun sistema, haren ustez.

Azkenik, Hezkuntza Lege berriaz eta Jaurlaritzaren hizkuntza politikaz ere mintzatu da, eta bi gai horien atzean herritarren askatasunaren kontrako ariketak ikusten ditu. Ideologia jakin baten zerbitzura diseinatutako planak direla azpimarratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika EAJ-PNV Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritza Eusko Legebiltzarra Eguneko albisteak Albisteak Vox Amaia Martinez Grisaleña