Politika -

Ekitaldi nazionala Tolosan

"Ezbeharrei aurre egiteko kalean eta erakundeetan borrokatzeko" deia egin du Sortuk

Hala esan du Arkaitz Rodríguez idazkari nagusiak igande honetan Tolosan (Gipuzkoa) egindako ekitaldi nazionalean. Horretan, besteak beste, Juan Paredes 'Txiki' eta Angel Otaegi ETAko militanteen memoria ekarri du gogora.

Arkaitz Rodriguez Sortuko idazkari nagusia, gaur, Tolosan. Argazkia: EFE
Arkaitz Rodriguez Sortuko idazkari nagusia, gaur, Tolosan. Argazkia: EFE
Arkaitz Rodriguez Sortuko idazkari nagusia, gaur, Tolosan. Argazkia: EFE

Agentziak | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Arkaitz Rodriguez Sortuko idazkari nagusiak "itxaropen aktiboaren bandera altxatzeko" eta "ezbeharrei aurre egiteko kalean eta erakundeetan borrokatzeko" deia egin du.

Rodriguezek hitz horiekin berba egin du Sortuk igande honetan Tolosan (Gipuzkoa) egin duen ekitaldian, "Nehork ez dio Eguri itxaropena kenduko" lemapean.

"Aurrean ditugun erronkei aurre egiteko itxaropen aktiboa berreskuratzea garrantzitsua da", azpimarratu du Sortuko buruak. "Itxaropen hori borrokak ematen digu", defendatu du.

Horregatik, "Euskal Herriaren askapen nazional eta sozialaren alde borrokan jarraitzeko" deia egin die militanteei. Rodriguezek Juan Paredes Txiki eta Angel Otaegi ETAko militante "antifaxistak" gogoratu ditu bere hitzaldian, eta adierazi du "Europako edozein herrialdetan haientzako omenaldi instituzionalak" egingo lituzketela, "baina hemen haien memoria kriminalizatua da".

Ildo horretan, "Frankismoarekiko haustura demokratikoa oraindik egin ez den seinale" dela esan du. Gainera, nabarmendu du "haien ametsek eta borrokak bizirik jarraitzen" dutela eta "gaur Txiki eta Otaegiren belaunaldiari esker, gure herriaren egoera askoz hobea" dela.

"Haien borrokari esker, garai hartan pentsaezinak ziren eskubideak eta askatasunak lortu ditugu", azpimarratu du, eta "zalantzarik gabe, gure helburuetatik gertuago gaude", gaineratu du.

Rodriguezek gaineratu duenez, "bizi dugun egoera berezia irauli beharra dago, hala nola larrialdi klimatikoa, aberatsen eta pobreen arteko arrakala gero eta handiagoa, erregai fosil merkeen aroaren amaiera eta inboluzio politikoaren eta faxismoaren mehatxuaren aurrean".

"Subiranotasunaren aldeko borrokak erronka horiei guztiei aurre egin behar die", adierazi du, eta gaineratu du egoera honek arduradunak dituela, izen-abizenekin: "Arduradunak IBEX-35, armagintza industria, putre funtsak, bankuak, Iberdrola, Petronor eta elite ekonomiko eta finantzarioak dira".

Sortuko buruzagiak berretsi duenez, "hamarkadatan aplikatutako politika neoliberalak eta kapitalismoa dira erantzuleak". Testuinguru horretan, Rodriguezek, "etsipenaren aurrean", Sortuk "itxaropenaren bandera" altxatzen duela adierazi du; "ez itxaropen naif batena, ez itxaropen hutsal batena, ez". "Itxaropen aktiboaren bandera altxatzen dugu; antolakuntzaren eta borrokaren bandera; Txiki, Otaegi eta beste hainbaten bandera", esan du.

Bere ustez, "ondo antolatutako herri batek bakarrik lor ditzake bere helburuak", eta Euskal Herriak "bereak lortu behar ditu". Gainera, "herrialde hau zutik jartzearen" eta "aktibatzearen" aldeko apustua egin du, egungo "erronka sozial eta ekonomiko ikaragarriei" aurre egiteko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Sortu Tolosa ETA Eguneko albisteak Albisteak