Itxi

Politika

Katalunia

JxCatek Kataluniako Gobernutik ateratzeko erabakia militanteen esku utziko du

EITB Media

Alderdiak kontsulta bat deituko du urriaren 6an eta 7an, Kataluniako Gobernuan jarraituko duen ala ez erabakitzeko, baldin eta Aragonesek lehenago atzera egiten ez badu Puigneroren kargugabetzean.

  • JxCateko ordezkariak. Irudia: EITB Media

    JxCateko ordezkariak. Irudia: EITB Media

JxCatek kontsulta bat deituko du urriaren 6an eta 7an, Kataluniako Gobernuan jarraituko duen ala ez erabakitzeko, baldin eta Pere Aragones Generalitateko presidenteak lehenago atzera egiten ez badu Jordi Puignero presidenteordearen kargugabetzean.

Laura Borras alderdiko presidenteak eta Jordi Turull idazkari nagusiak agerraldia egin dute erabakiaren berri emateko.

Alderdiko zuzendaritzaren bilera 19:30ean amaitu da, bederatzi orduko eztabaidaren ondotik. Alderdiko buruzagiek 10:30ean hasi dute bilera Bartzelonako egoitzan, eta bertan izan dira Puignero bera eta Juntseko kontseilari guztiak, Victoria Alsina Kanpo Ekintzakoa izan ezik, Genevan (Suitza) baitzegoen bidaian.

Erabakia "aho batez" hartu du JxCatek, zuzendaritzaren bilera "bizi" baten ostean. Bilera horretan, 35 bat pertsonak hartu dute parte.

Turullek prentsaurrekoan adierazi duenez, datozen orduetan "xehetasunen eta bermeen" proposamena helaraziko diote Aragonesi inbestidura ituna betearazteko, astelehena baino lehen konpondu beharko litzatekeen negoziazio azkar batean.

Hala ere, JxCateko idazkari nagusiak aitortu du oraindik ez dutela "inolako harremanik" izan presidentearekin, eta baldintza horiek "datozen orduetan" jakinaraziko dizkiotela.

Hala, Turullek adierazi du negoziazio espres hori ez dela "ultimatum" bat, eta oinarriek "boto askatasun osoa" izango dutela kontsultan.

Bestalde, Generalitateko presidente Pere Aragonesek ez du uste "JxCaten jarreran aldaketa dagoenik", eta "Gobernu edo oposizio izan nahi duen argi erantzuteko", eskatu dio.

Generalitateko iturriek kritikatu dute Aragonesek ez dituela ezagutzen Juntsek egiten dizkion hiru eskaeren xehetasunak: norabide estrategiko independentista bat ezartzea, elkarrizketa-mahaia autodeterminazioan eta amnistian soilik oinarritzea, eta ERC eta Junts koordinatzea.

Aragones Politika Orokorrari buruzko Eztabaidan, asteartean, hiru puntu horiei emandako erantzunean "argia" izan zela azpimarratu dute –hiru eskaera horiei buruz hitz egiteko prest agertu zen–, eta Kataluniak eta Kataluniako Gobernuak egungo testuinguru ekonomiko eta sozialean herritarrei erantzunak emateko egonkortasuna behar dutela defendatu dute.

"Presidenteak atzo esan zuen Juntsekin koalizioa mantendu nahi duela, baina eskatu du argi eta garbi erantzuteko Gobernua edo oposizioa izan nahi badute", ohartarazi dute Generalitateko Jauregitik.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena