Politika -
2023ko aurrekontuak
Espainiako Gobernuak % 25 igo du Defentsarako gastua eta erabakiak haustura eragin du koalizio kideen artean
Unidas Podemosek "aldebakarreko igoera hori ezkutatzea" egotzi dio PSOEri, eta azpimarratu du "zailago" jarri duela "gehiengo aurrerakoi baten aukera". Dena dela, zehaztu du ez duela gobernua apurtuko, hori baita PPk eta Voxek nahi dutena.
Agentziak | EITB Media
Defentsarako gastua % 25,8 haziko da 2023an Espainian; hots, egun 9.791 milioi euro bideratzetik, 12.317 milioi gastatzera igaroko da Espainiako Gobernua. Hala dago jasota atzo ministroen kontseiluak onartutako Aurrekontu Orokorren proiektuan. Bileraren ondoko prentsaurrekoan jakinarazi zuen albistea Maria Jesus Montero Ogasun ministroak, eta handik gutxira azaleratu zen koalizio kideen arteko zatiketa: Unidas Podemosek "ezkutuan" ibiltzea eta igoera "aldebakarrez" hartzea leporatu zion PSOEri.
Monterok ministroen kontseiluaren osteko agerraldian azaldu zuenez, Defentsa Ministerioaren aurrekontua % 6,5 haziko da, baina Europako funtsetatik jasotako kopurua kontuan hartuta, % 8,4koa da igoera. Horri guztiari, modernizazio programa berezientzat gordetako 4.900 milioi euroak batu behar zaizkio. Dirutza Estatuko armagintza sektorearekin hitzartutako kontratuetara (Navantia, Airbus edota Indra enpresekin, besteak beste) bideratuko dute.
Unidas Podemos aipatu ez bazuen ere, Monterok nabarmendu zuen 4.900 milioi euro horien bitartez 22.667 lanpostu sortuko direla, modu zuzenean ala zeharka. Horren esanetan, "ikuspegi militarista gainditu beharra dago, gastuak lanpostuak sortzen dituelako". Halaber, argudiatu zuenez, ia 5.000 milioi horiek kenduta, Defentsa Ministerioaren aurrekontuaren igoera sozialagoak diren beste ministerioen hazkundearen azpitik dago: Eskubide Sozialen Ministerioaren (% 18 gehiago) eta Berdintasun Ministerioaren (% 14 gehiago) partidak aipatu zituen, berbarako.
Ekainean, Defentsa gastua BPGren % 2aren pareko jartzeko konpromisoa hartu zuen Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak NATOk Madrilen egin zuen goi bileran. Hitzemandako igoera hori gauzatzeko, gastuak egungoaren halako bi beharko luke.
Unidas Podemos: "Aldebakarreko igoera ezkutatu digute"
Igoeraren berri izan eta gutxira, Pablo Echeniquek, Unidas Posemosek Kongresuan duen bozeramaileak, "desleial" izatea egotzi zion PSOEri, eta "aldebakarreko igoera hori ezkutatzea" egotzi die sozialistei. "Lotsagarria da", erantsi zuen.
Nolanahi ere, azpimarratu du moreek ez dutela "Gobernua hautsiko". Horren aburuz, hori egitea "oso arduragabea" litzateke, Alberto Nuñez Feijoo eta Santiago Abascal PPko eta Voxeko buruak Espainiako Gobernuaren kontra aritzeko "aizkorak zorrozten" ari direlako, "baina argi esan nahi dut aldebakarreko igoera hori ezkutatu digutela eta lotsagarria dela", gehitu du Twitterren botarako mezu batean.
Atzo bertan, proiektua onartu baino lehen, gai hori bereziki "zainduko" zutela esan zuen Echeniquek. Azaldu zuenez, aurretik ere Defentsarekin zerikusia zuten erabakiak aldebakarrez hartu izan ditu PSOEk.