Politika -

AKORDIO SOZIALA

"Aberastasuna banatzea" helburu duen "ongizate hitzarmen handi" baterako proposamena aurkeztu du EH Bilduk

"Desberdintasun sozialen aurrean", ongizatearen oinarrizko tresnak bermatzera eta aberastasunaren banaketa eredu berri bat eraikitzera bideratuta dauden hamar neurri proposatu ditu koalizioak. Gizarteko askotariko eragileekin eztabaida abian jarri nahi dute, hitzarmena erdiesteko. 

EH Bilduk "ongizate hitzarmen handia" adostea eskaini du
EH Bilduk "ongizate hitzarmen handia" adostea eskaini du
EH Bilduk 10 neurri proposatu ditu ongizatea eta aberastasunaren banaketa bermatzeko

1:21

IDOIA ALBERDI ETXANIZ | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Zerbitzu publikoen degradazioa eta desberdintasun sozialen areagotzea. Bi joera horiek irauli, eta gizarte osoaren ongizatea bermatuko duen itun handi bat, "estatu senekoa", nahi du EH Bilduk, eta horretarako abiapuntua proposatu du: eragile sozial, politiko, ekonomiko eta sindikalek osatutako espazio irekia, neurriak eztabaidatu eta adosteko bidea zabalduko duena.

EH Bilduk "Ongizate Hitzarmena" deituriko dokumentuan bildu ditu akordio horretarako bere proposamenak. Orotara, hamar neurri jarri ditu mahai gainean; horietako bost herritarren ongizatea bermatuko duten oinarrizko zerbitzuetara daude bideratuta, eta beste bostek, aberastasunaren banaketa eredu berri bat eraikitzea dute helburu. Arnaldo Otegik  EH Bilduko koordinatzaile nagusiak eta Pello Otxandiano koalizioko programa zuzendariak aletu dute txostena Donostian egin duten agerraldian. 2008ko krisi ekonomikoaz geroztik, ezberdintasun sozialak geroz eta nabarmenagoak direla nabarmendu dute biek ala biek, eta eskuartean dutena "hausturarik gabeko etorkizun bat" marrazteko bide-orri modura aurkeztu dute.

Otegik adierazi duenez, egoerari aurre egiteko "alternatiba gerra gelditzea, aberastasuna banatzea eta Euskal Herriaren subiranotasuna defendatzea" da, eta "Estatu itun" handi baten aldeko apustua egiten du."Atzeraldi baten atarian gaudela esaten ari dira, baina hau ez dator arrazoi meteorologikoengatik. Badator batzuk gerraren apustua luzatzearen aldeko apustua egiten duelako", azaldu du.

Horren hitzetan, "politika zaharrek ez dute balio daukagun mundu berri honek planteatzen dituen erronkei aurre egiteko", eta horregatik, "gaur planteatzen dugun euskal estatu ituna" gehiengo soziala babesteko proposamena da.

Batetik, ongizatea bermatzeko neurrien artean, energiaren bidezko prezioa adostea, soldatak eta pentsioak igotzea, etxebizitza eskubidea arautzea, zerbitzu publikoa sendotzea —hezkuntza, osasuna eta gizarte zerbitzuak—, eta garraio publikoaren doakotasuna bideratzea jaso ditu koalizioak. Bestetik, aberastasunaren banaketa eredu berria eraikitzeko neurri sortaren barruan, erreforma fiskala, enpresen irabazien banaketa, lanbide-arteko gutxieneko soldata finkatzea, inbertsio politika berria abian jartzea, eta gutxieneko diru sarrerak bermatzeko tresna berriak aktibatzea dira txostenean lehenesten diren proposamenak.

Aberastasunaren banaketa

Azken horiei dagokionez, "zerga sistema justu eta progresiboa" erdigunean jartzea da, EH Bilduren ustez, aberastasunaren banaketa eredu berri bat finkatzeko modua. "Europako batez besteko presio fiskalera hurbilduko gaituena, gehiago duenari gehiago ordainaraziko diona, eta enpresen mozkinak zergapetuko dituena", esan dute. Hala nola, Sozietateen gaineko Zerga, Pertsona Fisikoen Errenten gaineko Zerga eta Ondareen Zerga moldatzea proposatzen dute, eta tasa horien gaineko eskumen erabatekoa EAEko eta Nafarroako ogasunen esku geratzea.

Bide horretan, halaber, koalizioaren beste nahi bat da "enpresek sortzen duten aberastasun guztia enpresan bertan gelditzea" eta diru hori zertara bideratu "enpresa eta sindikatuen arteko negoziazioaren bidez" erabakitzea, lanbide arteko gutxieneko soldata 1.400 euroan finkatzearekin eta gutxieneko diru sarrerak bermatzeko mekanismo berriak ezartzearekin batera. Tartean, 18 urte izan arte, 200 euroko prestazio unibertsala ezartzea proposatzen da.

Neurriok abian jartzeko, inbertsio politika berria diseinatzeko premia nabarmendu dute buruzagi independentistek. "Zertan inbertitzen den erabakitzen denean, zertan inbertitzeari uzten zaion erabakitzen delako". Hala, gogorarazi dute AHTa eta egiteke dauden beste azpiegitura batzuk amaitzeko, "oraindik 5.000 milioi inguru falta" direla. Horiek "luzamenduen bidez" bertan behera utzi, eta beste lehentasun batzuk finkatu beharra nabarmendu dute, hala nola "elikadura sistema, trantsizio energetikoa edota zerbitzu publikoak".

Ongizatearen oinarriak

Ongizatearen oinarri materiala bermatzera bideratutako neurrien artean, bestalde, energiaren merkatuan esku hartzea jo du premiazko EH Bilduk, herritarrei zein enpresa txikiei energia "prezio onargarrietan" eskaintzeko.

Era berean, gehitu dutenez, egungo agertokian "inoiz baino onartezinagoa da" etxebizitza negozio gisa ulertzea. Zentzu horretan, etxebizitza bat izatea "eskubide gisa uler dadin", jabego publikoko alokairuko etxebizitzen parkea handitzea eskatu dute.

Orobat zerbitzu publikoak sendotzeko egiturazko neurriak berehala hartzea proposatzen da plazaratutako txostenean: osasungintzan, hezkuntzan eta gizarte zerbitzuen alorrean proposatzen ditu neurri horiek EH Bilduk, "langileen egonkortzea", "zerbitzuen doakotasuna" edota "kudeaketa publiko zuzena" erdigunean jarrita. Halaber, garraio publikoen doakotasuna bultzatuko duen estrategia adostean jarri nahi zan dute azpimarra.

Azkenik, soldatei eta pentsioei dagokienean, "lanbide arteko akordioen bidez" KPIaren araberako lansarien balioa handitzea, eta 1.080 euroko gutxieneko erretiro saria ezinbestekoak dira, koalizioaren iritzian.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Arnaldo Otegi Errusiaren inbasioak eragindako krisia Politika Euskal Osasun Zerbitzu Publikoa Eusko Jaurlaritza EH Bildu Eguneko albisteak Albisteak Hezkuntza sistemako albisteak Energia jasangarriak Energia aurrezteko neurriak gaur Energia