Politika -

Krisia Katalunian

Aragonesek "oso aurreratua" du Gobernu berria, "adituak" izango dituena

ERCk iragarri du datorren "aste hasieran" egon litekeela behin betiko osatua. Turullek, JxCaten buruak, hauteskundeen eta konfiantza-galdearen artean erabakitzeko deia egin dio.

Aragones Generalitatearen Jauregira iristen. Argazkia: Efe
Aragones Generalitatearen Jauregira iristen. Argazkia: Efe
Gobernu berria osatzen ari da Aragones presidentea, Juntsek alde egin ondoren

01:26

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Laura Vilagra Presidentzia kontseilariak azaldu du Pere Aragones Kataluniako presidenteak eta bere taldeak "oso aurreratuta" dutela Gobernu berriaren egitura, JxCateko kontseilaririk izango ez duena eta "arloetako adituak" barne hartuko dituena.

JxCatek Gobernua uzteko hartu zuen erabakiaren ostean, Aragones eta bere gertukoak Generalitatearen Jauregian elkartu dira Gobernu berria diseinatzeko asmoz, eta handik egindako adierazpenetan, Vilagrak esan du ez daudela "itxita izen guztiak", baina prozesua "oso aurreratuta" dagoela eta amaituta egon beharko litzatekeela datorren "aste hasierarako".

Helburua "Gobernu indartsua, batua, leiala, eta erronka ekonomiko eta sozialei aurre egingo diena" osatzea omen da, Kataluniari "ahal den egonkortasun eta segurtasun handiena" emateko, eta horretarako independentisten eta komunen babesa bilatzea lehenetsiko dute, nahiz eta gainerako erakundeei ere ireki deia.

Vilagrak esan du Aragonesek eta bere taldeak ez dutela En Comu Podemoko kontseilariak sartzeko asmorik, baina bai "arloetako adituak", tartean "sektore publikoan esperientzia dutenak".

Horren aurretik, RAC1 irratian, ERCko Natalia Masi, Marc Ramentoli eta Albert Castellanosi buruz galdetuta, aitortu du "Esquerrak dituen lehen mailako izenak" direla.

Aurrekontuak

Bestalde, Jaume Giro Ekonomia kontseilari zenak landutako Generalitatearen hurrengo aurrekontuen harira, Vilagrak berretsi du Gobernu berriak "negoziatu" egingo duela talde parlamentarioekin onartzeko asmoz.

Baina ez dio atea itxi aurrekontuak aurreratzeko aukerari negoziazioek huts eginez gero, "gaur egungoak (aurrekontuak) onak baitira" eta "ezkutu soziala garatzea" ahalbidetzen duelako.

Gainera, Oriol Junqueras ERCren buruzagiak baztertu egin du 2023ko aurrekontuak PSCrekin adostea, eta luzatzearen aukera berretsi du Juntsen babesik ez badute.

Junquerasek esan du negoziazioetarako marra gorria "errepresioaren amaiera" eta erreferenduma babesten ez duten alderdiekin duela ERCk, eta hor kokatu du PSC.

Turull: konfiantza-galdea ala hauteskundeak

JxCati dagokionez, Jordi Turull idazkari nagusiak bi irtenbide proposatu dizkio Pere Aragonesi: konfiantza-galdea egitea, babes nahikorik ba ote duen ikusteko, edo hauteskundeak aurreratzea.

Turullen arabera, Aragonesek "gogoeta egin behar du", urte eta erdian inbestiduran babesa eman zioten JxCateko eta CUPeko 41 diputatuen "konfiantza galdu" duelako akordioak "ez betetzeagatik".

Buruzagi kataluniarra batasun independentista berreraikitzearen alde dago, partekatutako "ibilbide orri bat" osatze aldera, hitzetatik "ekintzetara igarotzeko unea" delakoan.

Horren harira, Jordi Sanchez JxCaten idazkari nagusiak gaur esan du "'proces'a behin betiko itxita" geratu dela.

En Comu Podemek eskua luzatu dio

Jessica Albiach En Comu Podemen buruak "eskua luzatu" dio Generalitateko presidenteari aurrerantzean Gobernuari eutsiko dion "gehiengo aurrerakoia" osatzeko, baina "txeke zuririk gabe".

Jessica Albiachek "ikuspegi zabala" edukitzeko eta gaur egun "oso egoera ahulean" dagoela onartzeko eskatu dio Aragonesi, "bakarrik" geratu delako, "Parlamentuko 135 diputatuetatik 33ren babesarekin".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Politika Eguneko albisteak Albisteak Pere Aragonès ERC Kataluniako Generalitatea