Politika -
MEMORIA HISTORIKOA
Jose Antonio Primo de Riveraren familiak bere gorpuzkiak Erorien Haranetik ateratzea eskatu du
Espainiako Gobernuak familiaren jarrera eskertu du, eta Cuelgamuroseko kriptan ehorzteko aukera eskaini dio.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Jose Antonio Primo de Riveraren senideek bere hilotza Erorien Haranetik ateratzea eskatu dute. Aurreko astean Espainiako Diputatuen Kongresuak onartutako Memoria Demokratikoaren legean jasotzen denez, Erorien Harana hilerri zibil bihurtuko da.
Lekualdaketari aurrea hartu, eta prozesua abiatzea erabaki du familiak, baina diskrezioz egitea eskatu du.
Atzo, familiak hainbat hedabidetara bidalitako ohar baten arabera, San Lorenzo del Escorialeko Udalari lizentziak eskatu dizkio eta gorpuzkiak "familiak erabaki duen" eta zehaztu ez duen beste leku batera eramango ditu.
2019an Franco diktadorearen gorpuzkiak Erorien Haranetik atera ondoren, Primo de Riverarena da bertan dagoen hilobi indibidual bakarra.
Espainiako Gobernuak familiaren jarrera eskertu du, eta Cuelgamuroseko kriptan ehorzteko aukera eskaini dio. Erorien Haranari izena aldatuko diote eta Cuelgamuros Harana izango da aurrerantzean.