Politika -
Espainiako justizia
Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak Rafael Mozo izendatu du bitarteko presidente
Horrek esan nahi du, "de facto", Botere Judizialaren buruzagitza zatituta geratzen dela, Francisco Marin Castan magistratua baita Auzitegi Goreneko Presidentetzaren funtzioak betetzen dituena, Lesmesen dimisioa ofizial egin zenetik.
Agentziak | EITB Media
Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak (BJKN) erabaki du Rafael Mozo bokal zaharrena izendatzea behin-behineko presidente, Carlos Lesmesek dimisioa eman ondoren. Horrek esan nahi du, "de facto", Botere Judizialaren buruzagitza zatituta geratzen dela, Francisco Marin Castan magistratua baita Auzitegi Goreneko Presidentetzaren funtzioak betetzen dituena, Lesmesen dimisioa ofizial egin zenetik.
Bozketa aurrera atera da gehiengo zabalarekin, 16 boto alde eta bakarra aurka --Wenceslao Olea--, eta Mar Cabrejas bokalak alde egin du.
Mozo PSOEk proposatuta iritsi zen BJKNra, eta 1985ean sartu zen karrera judizialean. Hainbat eginbehar izan zituen, 1998an Madrilgo Lurralde Auzitegian tokia aurkitu zuen arte. 2018tik, Auzitegi Nazionaleko Zigor-arloko aretoko magistratua da.
Lesmesek berak deitu zuen batzarra, Auzitegi Konstituzionalerako bi hautagaiak izendatzeko, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko sektore aurrerakoi eta kontserbadoreek negoziazioen egoeraren berri eman zezaten --hirugarren bilerak huts egin eta gero--. Hala ere, bilkuran erreleboaren arazoa izan da eztabaidagai nagusia.
Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko eta Auzitegi Goreneko iturriek ohartarazi dutenez, zatiketak gatazka judiziala ekar lezake, eta Gorenaren Administrazioarekiko Auzien Aretoan ebatziko litzateke, seigarren sekzioan, hain zuzen ere, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren erabakien aurka jarritako errekurtsoez arduratzen den sekzioan.