Politika -
Memoria historikoa
Gogorak Turtziozeko La Puente jauregia erosi nahi du, erbesteko Eusko Jaurlaritza omentzeko
Jose Antonio Rodriguez Ranz Giza Eskubide, Memoria eta Lankidetzako sailburuordeak azaldu duenez, eraikina erosteko "aukera aproposa" izan daiteke, egungo jabeek eraikina salmentan jartzekotan direlako. Agirre lehendakariaren Jaurlaritzaren azken bileren egoitza izan baitzen euskal lurraldean.
EITB Media
Gaur onartutako, Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuaren 2023rako aurrekontuen aurreproiektuan, Turtziozko (Bizkaia) La Puente jauregia erostea aurreikusten du, 1.200.000 euroren truke.
Gogorak ohar batean azaldu duenez, jauregiak balio historikoa eta izaera sinbolikoa ditu: Agirre lehendakariaren Eusko Jaurlaritzaren azken bileren egoitza izan baitzen euskal lurraldean.
Jose Antonio Rodriguez Ranz Giza Eskubide, Memoria eta Lankidetzako sailburuordeak azaldu duenez, eraikina erosteko "aukera aproposa" izan daiteke, egungo jabeak eraikina salmentan jartzekotan direlako. Horregatik, aurrekontu sail bat prestatu dute erosketa aurreikusiz.
Gainera, Rodriguez Ranzek adierazi du espazioa erbesteko Eusko Jaurlaritza omentzeko aukera aztertuko dela, Euskadiko memoriaren gainerako erakusketa-guneekin uztartzeko eta Turtzioz inguruko memoriaren ibilbideen proiektuarekin eta Enkarterrien garapenarekin berarekin lotuko dela.
Iñigo Urkullu Lehendakaria Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuaren zuzendaritza kontseiluaren bileraren buru izan da, Gogora Institutuaren Bilboko egoitzan.
Era berean, Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak eta Aintzane Ezenarro Gogora Institutuko zuzendariak batzarrean parte hartu dute.
Bileran, Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuaren 2023rako aurrekontuen aurreproiektua onartu da, 5.247.000 eurokoa.