Politika -
Memoria histórica
Aranzadik Huescan topatu ditu Gerra Zibilean fusilatutako galdakaoztar batenak izan litezkeen gorpuzkiak
Zientzia Elkartea ostegunetik ari zen lanean Jakako hilerrian, Pedro Asuaren gorpuzkiak egon litezkeen hobi komun batean.
Agentziak | EITB Media
Aranzadi Zientzia Elkarteak Gerra Zibilean fusilatu zuten Galdakaoko (Bizkaia) Pedro Asua Zubiaur miliziano errepublikazalearenak izan litezkeen gorpuzkiak atera ditu Jakan (Huesca).
Aranzadi ostegunetik ari zen lanean Jakako hilerrian, Pedro Asuaren gorpuzkiak egon litezkeen hobi komun batean.
Ondorio horretara iritsi ziren, egoera ikertu ondoren, Josu Larrea iloba txikia, Jakako Zirkulu Errepublikanoa eta herriko lurperatzaileak, baita Galdakaoko Udalak kontratatutako Ander Aperribai historialariak egindako lanak ere.
Jakako Udalak hobitik ateratzeko baimena eman zuen, Galdakaoko alkate Iñigo Hernandok eta Jakako alkate Juan Manuel Ramonek 2021eko abenduan egindako bileraren ostean. Horretan, Aperribaik eta Larreak ere parte hartu zuten.
Aurkitutako gorpuzkiak Asuarenak direla baieztatzeko, Aranzadiko teknikariek lagin bat alderatuko dute gertuko senideen beste batekin. Frogek Asuarenak direla ondorioztatzen badute, Galdakaoko hilerrira eramango dituzte gorpuzkiak.
Bere iloba txikiaren ustez, horrela "poetikoki itxi egingo litzateke zirkulua", Elexaldeko hilerriko lurrak bere familiarenak baitziren. Beraz, Asua seme bakar gisa gurasoengandik jaso behar zituen lurretara itzuliko litzateke.