Politika -

FRANTZIAKO TOURRA

Tourra 2023an Bilbotik abiatuta "aspaldiko ametsa egia bihurtuko" dela esan du Urkulluk

Txirrindulari proba sonatuaren aurkezpen ekitaldian, Iñigo Urkullu lehendakariak adierazi du kirol ekitaldia Euskadiren "berezitasunak" munduari erakusteko aukera gisa ikusten duela.

Urkullu, gaur, Parisen. Argazkia: EFE
Urkullu, gaur, Parisen. Argazkia: EFE
Urkullu, gaur, Parisen. Argazkia: EFE

IDOIA ALBERDI ETXANIZ | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Datorren urtean Euskal Herriko bideetan barrena ibiliko den Frantziako Tourraren bidez, Eusko Jaurlaritzak munduari azaldu nahi dio "Euskadi zer den eta zer izan nahi duen". Mezu hori utzi du Iñigo Urkullu lehendakariak Bilbotik abiatuko den txirrindulari probaren datorren urteko edizioaren aurkezpen ekitaldian.

Aspaldiko ametsa "egia bihurtu" dela esanez abiatu du bere hitzartze laburra Gasteizko Gobernuko buruak, eta Tourra Bizkaiko hiriburutik abiatzeak sortzen dizkion "emozioak" partekatu nahi dituela esan du. Euskadiren "berezitasunak" munduari erakusteko aukera gisa ikusten du Urkulluk kirol ekitaldia: "kultura eta hizkuntza propioa dituen herria, begirada gure mugetatik harago jarrita duena eta berritzeko prest dagoena". "Sakonki europarra eta europazalea", gehitu du. Halaber, "txirrindularitzaren balioak" Euskadiren balioak ere badirela nabarmendu du, eta zentzu horretan, lantaldean aritzeko ahalmena, atzean geratu denari laguntzeko prestutasuna eta garaipenak modu kolektiboan ospatzeko gaitasuna zerrendatu ditu.

Tourraren hurrengo edizioa hartzeko "gogotik" lanean ari direla esan ondotik, kirol ekitaldiaren inguruko "familia osoari" 'Grand Départ' izenez ezaguna den irteera Bilbotik bertatik jarraitzeko gonbita egin dio lehendakariak. "Euskadin etxean bezala izango zarete", esanez amaitu du.

Urkullurekin batera, Parisko Kongresuen Jauregian egin den ekitaldian, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako diputatu nagusiek — Ramiro Gonzalez, Unai Rementeria eta Markel Olano, hurrenez hurren— eta EAEko hiru hiriburuetako alkateek —Gorka Urtaran, Juan Maria Aburto eta Eneko Goia— ere hartu dute parte. Han izan dira, baita ere, Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburua, Bingen Zupiria, eta Turismo sailburua, Javier Hurtado.

2023ko Tourra uztailaren 1ean abiatuko da Bilbotik, eta 530 kilometro zeharkatuko ditu EAEn barrena.

Bestalde, Parisera egiten ari diren bisita honetan, erakundeetako ordezkariek Eusko Jaurlaritzak Parisen izango duen egoitza berriaren inaugurazioan ere hartuko dute parte gaur arratsaldean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Frantziako Tourra Politika Bilboko azken albisteak Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritza Paris Frantzia Eguneko albisteak Albisteak Bizkaiko Foru Aldundia Gipuzkoako Foru Aldundia Arabako Foru Aldundia