Politika -
MANIFESTAZIOA BILBON
"Denon bizitza aldatuko duen olatuaren parte sentitzeko", hilaren 12an Bilbora joateko eskatu du EH Bilduk
Hilaren 12an Bilbon egingo den manifestazioan parte hartzeko deia egin du Oskar matutek, "bidegabekerien aurrean amore ematen ez duen gizarte aktiboa garela agerian jartzeko eta gure herria maite dugula eta bere eskubide eta askatasunagatik borrokatzen dugula erakusteko".
AGENTZIAK | EITB MEDIA
EH Bilduk Diputatuen Kongresuan duen Bozeramaile Oskar Matutek dei egin die herritarrei azaroaren 12an Bilbon "Euskal Olatua. geldiezina" lelopean egingo den manifestazioan parte har dezan, "guztion bizitzak hoberako aldatuko dituen zerbaiten parte sentitzeko".
Ukrainako gerraren ondorioz izan den "eskalatze armamentista" salatu du, "konponbide adostua eta ez-indarkeriazkoa albo batera uzten" duelako, eta gaineratu du "gatazkaren ondorio sozioekonomiko latzak" areagotu egin direla , langile klasea izanik beti "besteen hutsak ordaintzen" dituena. "Gero eta gehiago dira jatearen eta berotzearen artean aukeratu behar duten familiak, banku eta enpresa handiek inoizko irabazirik handienak xanpainaz ospatzen dituzten bitartean, 10.000 milioi eurotik gorako irabaziak. Mozkin lotsagarriak, herri honetako langileak gehiago ezin arte estutzetik lortuak", azpimarratu du.
"Gerra gelditu behar da, herri honetan sortutako aberastasuna banatu behar da eta burujabetza gehiago eskatzen jarraitu behar dugu, herri bezala hobetzen eta hazten jarraitzeko. Egoera irauliko duten egiturazko neurriak behar ditu Euskal Herriak, denontzako etorkizun erral bat eraikiko dituztenak, eta burujabetza behar du, geure erabakiak hartu eta pausoak zein norabidetan eman nahi ditugun erabakitzeko", aldarrikatu du.
"Borroka, duintasun eta lan olatu erraldoi bat altxatuko dugu, herri honen eta herritarren alde. Euskal gizartea askatasunezko eta berdintasunezko gizarte baterantz bultzatuko duen euskal olatu handi bat".