Politika -
Bizkaia
Ogasunak Gilen espedientea ez zuela Aldundiak eman ondorioztatu du
Melchor Gilen auziaren inguruko ikerketan datu fiskalak Ogasunak zabaldu zituela baieztatzeko "zantzurik" ez dutela topatu esan dute, eta Ogasuna ez dela datu horiek eskuragarri dituen iturri bakarra.
Erredakzioa
Jose Maria Iruarrizaga Bizkaiko Ogasun diputatuak ziurtatu duenez, bere Sailak egindako ikerketa "zorrotz eta konplexu" batek Melchor Gil Bizkaiko PSE-EEren idazkariordearen datu fiskalak ez zirela Bizkaiko Aldunditik filtratu ondorioztatu du.
Joan den martxoan, Melchor Gilek Castro Urdialesen (Kantabria) txalet bat erosi ahal izateko dirua nondik lortu zuen ikertzeko irekitako espediente fiskalaren berri jaso zuten hainbat hedabidek igorle anonimo batengandik.
Bizkaiko Batzar Nagusietan egindako agerraldian, Melchor Gilen auziaren inguruko ikerketan datu fiskalak Ogasunak zabaldu zituela baieztatzeko "inolako zantzurik" ez dutela topatu esan du Iruarrizagak, eta datu horiek eskuragarri dituen iturri bakarra Ogasuna ez dela erantsi du.
Azaldu duenez, 142 pertsona zeuden bere jarduera eta karguagatik informazio horretara iritsi ahal izateko baimenduta eta ez dutela "bidegabeko inolako zantzurik topatu" esan du.