Politika -
Justizia
Espainiako Gobernuak sedizio delitua erreformatzeko egindako proposamenaren gakoak
Sedizio delitua ezabatu eta "desordena publiko larria"gatik ordezkatzeaz gain, beste lege aldaketa proposamen batzuk jaso dituzte.
agentziak | eitb media
Zigor Kodea erreformatzeko Espainiako Gobernuak, PSOEk eta Unidas Podemosek adostuta, aurkeztu duen proposamena Estatuko Aldizkari Ofizialak argitaratu eta 20 egunera egongo da indarrean. Gainera, atzeraeraginaz aplikatu ahal izango da presoari mesede egiten badio.
Baina, zeintzuk dira erreforma proposamenaren gakoak?
Sedizio delitua Zigor Kodetik kentzea eta desordena publiko larri izeneko beste batengatik ordezkatzea proposatu dute. Horren arabera, kartzela zigorrak 10-15 urtetik 3-5 urtera jaitsiko dira, eta inhabilitazioak, ostera, 10-15 urtetik 6-8 urtera. Zigor Kodearen 544. artikulua, sedizio delitua definitzen duena, ezabatuko da, eta 557. artikulua aldatu egingo da "desordena publiko larri" izeneko delitua sortzeko.
173. artikulua aldatu egingo dute eta zigor zehatza aurreikusiko dute gorpu bat ezkutatzen duenarentzat, eragiten duen min gehigarriagatik. Proposamenaren arabera, sei hilabetetik bi urtera arteko zigorra jasoko du biktimaren senideei edo gertukoei "behin eta berriz" informazioa ezkutatzen dienak.
Zigor Kodearen erreformaz gain, Kontrabandoaren Errepresiorako Lege Organikoa aldatzea ere proposatu dute, defentsako materialarekin edo bi erabileratako produktuekin eta teknologiarekin kontrabandoa egiten dutenak modu eraginkorragoan jazartzeko. Hala, delitu hori egiteko "konspirazioa eta proposamena" ere zigortu egingo da.
Europako zuzentarau batzuk ere sartu dituzte erreforman, diruz egiten ez diren ordainketekin iruzur egitearen aurka onartutakoa adibidez.
Barne merkatuaren funtzionamendu egokia bermatzeko eta merkatu gehiegikeriak zigortzeko eskumenak ematen dituen beste zuzentarau bat ere sartu dute.