Politika -

2023ko aurrekontuak

Zupiriak uste du "denbora" dagoela aurrekontuetan akordioa lortzeko

Azpiazuk aurrekontuak negoziatzeko hirugarren bilera sorta egingo du gaur. Lehenik eta behin, EH Bildurekin bilduko da (13:00etan), eta, ondoren, Elkarrekin Podemos-IUko ordezkariekin (16:00etan) eta PP+Cs-eko ordezkariekin (17:00etan).

Lehen bilerako argazkiak.
Lehen bilerako argazkiak
Lehen bilerako argazkiak.

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak esan du "borondatea" badago "denbora" dagoela 2023ko aurrekontuen inguruan akordio bat lortzeko, eta gaineratu du Eusko Jaurlaritzak "akordioak zabaltzeko ahaleginetan" jarraituko duela, eta ez dela "akordioa lortzeko bidea itxiko".

Asteroko Gobernu Kontseiluaren osteko prentsaurrekoan, Zupiriak adierazi du Jaurlaritzak aurkeztutako proiektuari osoko zuzenketak aurkezteko epea ostiralean amaitzen bada ere, ez dela "oztopo" horretarako prest dauden taldeekin "akordio zehatzetan aurrera egiteko".

Ildo horretan, azpimarratu du Jaurlaritzak, astearte honetan berriro EH Bildurekin, Elkarrekin Podemosekin eta PP+Cs-ekin bilduko denak, ez duela "marra gorririk" jarri aurrekontuen negoziazioan, eta ez duela "inor baztertu", baizik eta taldeei egin dizkien eskaera bakarrak aurrekontuarekin zerikusia duten gaiak planteatzea dela, eta eskaera ekonomikoak finantzaketaren ikuspuntutik "onargarriak eta jasangarriak" izatea.

Pedro Azpiazu Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun sailburuak hirugarren bilera txanda bati ekingo dio gaur, asteartea, oposizioarekin —Vox salbuetsita, beste hiru taldeekin— 2023rako aurrekontu proiektuaren inguruan negoziatzen jarraitzeko.

Zehazki, 13:00etan, EH Bildurekin bilduko da; 16:00etan, Elkarrekin Podemos-IUrekin; eta 17:00etan, PP+Cs koalizioarekin. Topaketa guztiak Lakuan egingo dituzte.

Aurrekontuak negoziatzeko bigarren, eta oraingoz azken, bilera asteazkenean egin zuten aldeek. Erronda bukatuta, hiru taldeek esan zuten akordioa "urrun" zegoela.

Maddalen Iriarte EH Bilduren bozeramaileak Jaurlaritzaren kontraeskaintza aztertzeko konpromisoa azaldu zuen, baina ezkor agertu zen.

Bestalde, Miren Gorrotxategi Elkarrekin Podemos-IUko bozeramaileak gaur, astelehena, azaldu duenez, Eusko Jaurlaritzak iaz baino partida gutxiago eskaini dizkie. Hori dela eta, bere taldea "osoko zuzenketatik gertuago" dagoela ohartarazi du, baina, esan du "errespetuagatik eta erantzukizunagatik", aurrekontuak aldatzeko "amaierara arte" negoziatzen saiatuko direla.

Azkenik, PP+Cs-ek nabarmendu zuenez, Jaurlaritzak "maniobrarako tartea" du oraindik aurrekontuen negoziazioaren barruan zerga erreforma bati ekiteko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa EH Bildu Euskadiko PP Eguneko albisteak Albisteak Podemos Ahal Dugu Euskadi EAEko Aurrekontuak