Politika -
HERIOTZA
Jakes Abeberry zendu da, Ipar Euskal Herriko abertzaletasun mugimenduan erreferentea
92 urterekin hil da Biarritzen. Abertzaleen Batasuneko bozeramaile, "Enbata" aldizkariaren zuzendari eta Oldarra dantza taldearen buru izan zen, besteak beste.
EITB MEDIA
Jakes Abeberry zendu da bart gauean, 92 urte zituela. Ipar Euskal Herrian pertsonaia ezaguna izan da, politikagintzan eta kulturan ibilbide oparoa izan baitu. Mugimendu abertzalearen bultzatzaile eta erreferente nagusietako bat izan da urteetan.
1930eko apirilaren 25ean Biarritzen jaioa, Lapurdiko hiriko politikagintzan ez ezik, kulturan eta beste hainbat borroka esparrutan aritu da hamarkada hauetan. Besteak beste, Abertzaleen Batasuneko bozeramaile, Enbata aldizkariaren zuzendari eta Oldarra dantza taldearen buru izan zen.
Enbata mugimenduaren sortzaileetarikoa, 1968tik mende erdiz editorialak idatzi zituen aldizkarian. Bere bizi osoa abertzaletasunaren ideiek gidatu zuten: euskararen ofizialtasunaren aitortza, lurraldetasuna eta Euskal Herriaren batasuna.
Euskal Batasuneko militantea izan zen Abeberry, eta Abertzaleen Batasunekoa ere bai hura osatu zenean. Urteetan izan da ezkerreko abertzaleen alderdiko idazkaritzako kide, eta bozeramaile lanak ere egin zituen. Enbata ordezkatuz, hauteskundeetara aurkeztu zen 1968. urtean, eta Biarritzeko herriko etxeko hautetsi izan zen 1983tik 2014 arte.
Biarritzeko Oldarra euskal dantza eta koru elkarteko presidentea izan zen 1955 urtetik 1989ra. Biarritz Kultura ere sortu zuen, eta Bi Harriz Lau Xori eta Le Temps d'Aimer la Danse ekimen artistikoak sortu zituen.