Politika -
Senatuan
Gorteak "isilaraztea" leporatu dio Sanchezek PPri, eta Feijook eskatu dio demokrazia suntsitzeari uzteko
Espainiako Gobernuko presidenteak eta PPko presidenteak, asteazkenean, Senatuan, 2022ko azken parlamentuko eztabaida izan dute. Auzitegi Konstituzionalak astelehenean erabaki zuen gelditzea bere berritzea bultzatu nahi zuen legea, eta eztabaida bi egunen buruan izan da.
EITB MEDIA
Espainiako Gobernuko presidente Pedro Sanchezek Senatuan asteazkenean ziurtatu duenez, Alberto Nuñez Feijooren PP "Pablo Casadoren PPtik haratago" iritsi da; izan ere, Gorteak "isilaraztea" lortu du, Auzitegi Konstituzionalaren erabakiaren ostean. Bere aldetik, oposizio buruak eskatu dio Auzitegi Konstituzionalaren izen ona galtzea ekartzeari eta demokrazia suntsitzeari utz diezaiola; nabarmendu ere nabarmendu du PPk ez duela zalantzan jarri Sanchezen hauteskunde garaipenaren "zilegitasuna".
Aurten azken aldiz izan dute eztabaida Senatuan Sanchezek eta Feijook; Konstituzionalak astelehenean erabaki zuen gelditzea bere berritzea bultzatu nahi zuen legea, eta eztabaida bi egunen buruan izan da. Espainiako Gobernuak, baina, bere bazkideekin batera, lege proposamena bultzatuko du, berme auzitegiaren berritzea desblokeatzea helburu, asteartean parlamentuko iturriek iragarri zutenez.
Sanchezek adierazi du PPko presidenteak bederatzi hilabete daramatzala politika nazionalean, eta gauza bakarra lortu duela, alegia, Gorteak isilaraztea: "Hori da Feijooren PPren ekarpen handia", esan du: "PPk nahi du Parlamentuak ez hitz egitea, baina egin egingo duzu, ozen eta argi".
Salatu duenez, PPren ondoan dauden botereak, zuzentzen dutenak ere, gero eta gehiago daude agerian, eta "mugarria" lortu dute: hain zuzen, Gorteei eskumenak kendu dizkiete, Konstituzioak eman bazizkien ere, hau da, proposamenak egiteko, eztabaidatzeko eta legea egiteko eskumenak: "Entzun zaituztet behar dena egiteko prest zaudetela, baina urrunegi iritsi zarete", esan die Sanchezek.
Espainiako Gobernuko buruak berretsi du Feijoo Pablo Casado iritsi zen puntutik haratago heldu dela: "Agian da ez duelako nahi gertatzea Casadori gertatu zitzaiona". Aurpegiratu dio PPri "tirano" deituz kritikatu duela: "Sinesgarritasun txikia zenuen; orain, ez duzu sinesgarritasunik", esan dio.
Feijoo: "Utzi espainiarrei adarra jotzeari"
Oso haserre, Feijook eskatu dio Sanchezi "espainiarrei adarra jotzeari eta zirikatzeari uzteko": "Utzi Konstituzionalaren izen ona galtzea ekartzeari. Utzi behingoz", galdegin dio: "Europan, ez dago zuk bezala hitz egiten duen lehen ministrorik", gehitu du PPko presidenteak.
PPko buruak azpimarratu du inork ez duela zalantzan jarri Sanchezen hauteskunde garaipenaren zilegitasuna, baina aurpegiratu dio ematen ari den urratsak; hain zuzen, ziurtatu du hilabete hauetan "independentistei men egiteko eskuliburua hobetu" egin duela. Berez, galdetu dio ea kontsulta egiteko datarik duen, independentistek eskatzen diotenez.
Alberto Nuñez Feijoo, eztabaidan. Argazkia: EFE.
Azken hilabetean "degradazio instituzionala" azkartu egin duela egotzi dio Feijook Sanchezi, kontuan izanik Espainiako Gobernua sutetik sutera doala, esan duenez. Hala ere, ohartarazi dio ez dagoela "errausterik" azken 40 urteotan indartzen joan den arkitektura demokratikoa eta instituzionala: "Erakunde guztiak dituzue jomugan", erantsi du.
Ildo horretan, Feijook eskatu dio "ez gutxiesteko espainiarren adimena". "Sedizio delitua indargabetzeak", nabarmendu du, "ez du lurralde osotasuna hobetzen. Bidegabeko erabiltzea aldatzeak ez du hobetzen ustelkeriaren aurkako borroka, eta botere judizialaren erreforma bat erdi ezkutuan sartzeak ez du hobetzen botere banaketa".
Hitza azkenengoz izan duenean, Sanchezek egotzi dio oposizioko buruari alderdi konstituzionalistatzat jotzen dutela euren burua, eta gainerakoak, aldiz, "Espainiaren aurkakoak" direla pentsatzea; hori gorabehera, ez dituzte errespetatzen Konstituzioak ezarritako epeak, ezta Gorteen agindua ere, aurreratutako hauteskundeak eskatzen dituztelako. Gogora ekarri du, halaber, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusia eta Auzitegi Konstituzionala berritzeko epea ere ez duela errespetatzen.