Politika -
Elkarrizketa
Otegi: "Epaileek Estatu kolpe antzeko bat eman dute"
"Gertatu dena oso larria da. Batzuek sinestarazi nahi digute eztabaida juridiko baten aurrean gaudela, baina oker dabiltza. Gertatzen dena da ez direla frankismotik aldendu. Diktadura defendatzen zuten epaile asko demokrata bihurtu dira egun batetik bestera", esan du.
LUZIA ZUGADI | EITB MEDIA
EH Bilduko koordinatzaile nagusi Arnaldo Otegi Radio Euskadiko "Boulevard" saioan elkarrizketatu dute ostegun honetan, non, besteak beste, bolo-bolo dabilen Auzitegi Konstituzionalaren erabakiaz mintzatu den. Iragan astelehenean, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak (BJKN) izendatzen dituen Auzitegi Konstituzionalerako bi hautagaiak aukeratzeko sistema aldatzeko bi zuzenketak Senatuan bertan behera uztea erabaki zuen Auzitegi Konstituzionalaren Osoko Bilkurak.
"Gertatu dena oso larria da. Batzuek sinestarazi nahi digute eztabaida juridiko baten aurrean gaudela, baina oker dabiltza. Gertatzen dena da ez direla frankismotik aldendu. Diktadura defendatzen zuten epaile asko demokrata bihurtu dira egun batetik bestera. Epaileek Estatu kolpe antzeko bat eman dute", esan du.
Ildo horretan, Espainiako presidente Pedro Sanchezen "B plana" babestuko duten ala ez galdetuta, Otegik adierazi du aztertu beharreko kontu bat dela: "Desblokeoa planteatzen badute, alde egingo dugu. PSOEri eskatzen diot arduraz, zuhurtziaz eta irmotasunez jokatzea, eskuindarrei aurre egiteko orduan. Demokrazian bizi nahi badugu, estatu propio bat lortu behar dugu", gaineratu du.
Gaia erabat aldatuta, EH Bilduko koordinatzaileak aurreratu du EAJk erabakitzeko eskubidearen inguruan aurkeztutako zuzenketari babesa eskainiko diotela, nahiz eta ez zaien jeltzaleen jokatzeko modua gehiegi gustatu.
Azkenik, "akordio handiak" eta "subiranotasuna" eskatu dizkio 2023ari. "Iruditzen zait horretarako gai izango garela, alegia, herri akordioak egongo direla. Oraindik ez dugu eztabaidatzen ikasi. Baten batek esango du nik neuk ere berandu ikasi dudala, eta baliteke arrazoia izatea. Dena den, agertoki demokratiko batean bizi nahi badugu, subiranotasuna berreskuratu behar dugu. Ezin gara egon beste alde batera begira", bukatu du.