Politika -
Zigor Kodearen erreforma
Sedizio delitua ezabatzen duen Zigor Kodearen erreforma argitaratu da Estatuko Aldizkari Ofizialean
Bidegabeko eralgitzearen delitua ere aldatzen duen araua 2023ko urtarrilaren 12an sartuko da indarrean.
Agentziak | EITB Media
Estatuko Aldizkari Ofizialak (BOE) abenduaren 22ko 14/2022 Lege Organikoa argitaratu du ostiral honetan. Senatuak atzo onartu zuen behin betiko lege hori, sedizio-delitua Zigor Kodetik kendu eta bidegabeko eralgitze-delitua aldatzen duena. Araua Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik 20 egunera sartuko da indarrean, hau da, urtarrilaren 12an.
PSOEk eta Unidas Podemosek bultzatutako lege-proposamenetik abiatu zen onartu den araua. Lege hori Kongresuan eta Senatuan izapidetu da sei aste eskasetan, eta sedizio delitua ezabatzea zen aldaketa nagusia, besteak beste, 'proces' eko buruzagi independentistak kondenatzeko delitu-tipoa; delitu horren ordez desordena publiko larriagotuak izeneko tipo berri bat ezartzen du arauak.
Kongresuan artikuluei zuzenketak aurkezteko unea iritsi zenean, PSOEk eta Unidas Podemosek beste gai batzuk jarri zituen eztabaidaren mahai gainean, hala nola legez-kanpo aberastearen delitu berri bat. Aldi berean, ERCrekin adostu zuten diru-publikoa bidegabe erabiltzeagatiko zigorren aldaketa bat: irabazi-asmoa dagoenean, egungo zigorrei eutsita (2tik 12ra bitarteko kartzela-zigorra eta 6tik 20ra bitarteko gaitasungabetzea); eta bi mota berri: irabazi-asmorik gabeko bat "erabilera pribatuetarako" (6 hilabetetik 3 urtera bitarteko espetxe-zigorra eta urtebetetik 4 urtera bitarteko gaitasungabetzea) eta beste bat dirua aurreikusitakoa ez den helburu batera doanerako (urtebetetik 4 urtera bitarteko espetxe-zigorra eta 2 urtetik 6ra bitarteko gaitasungabetzea).
Senatuaren Osoko Bilkurak atzo, osteguna, onartu zuen behin betiko lege-proposamena, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak (BJKN) izendatu behar dituen Konstituzio Auzitegirako bi hautagaiak aukeratzeko eta iristeko sistema erreformatzea bilatzen zuten zuzenketarik gabe, ordea, bermeen gorteak bertan behera utzi baitzituen zuzenketa horiek.
Zigor Kodearen erreforma aurrera atera zen Goi Ganberan, PSOE, ERC, Bildu, EAJ eta Més per Mallorcaren gehiengoarekin. PPk, Voxek, Ciudadanosek, UPNk, Juntsek, PRCk, Coalicion Canariak, Teruel Existek, PARek eta bi parlamentari independenteek kontra bozkatu zuten. Mas Madrid, Geroa Bai eta Compromis alderdiak abstenitu egin ziren.