Politika -
JUSTIZIA
Sedizioa indargabetzea eta dirua bidegabe erabiltzeko zigorrak murriztea onartu du Senatuak
Halere, PPk eskatutakoa bete, eta Zigor Kodearen erreforma bozketatik kanpo geratu da, bart Konstituzio Auzitegiak Senatuaren helegitea berriz baztertu ondotik.
EITB MEDIA
Senatuko Osoko Bilkurak sedizioa indargabetzea eta dirua bidegabe erabiltzeko zigorrak murriztea behin betiko onartu ditu ostegun honetan. Hala ere, PPk eskatutakoa bete, eta Zigor Kodearen erreforma bozketatik kanpo geratu da azkenean, hau da, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak (BJKN) Auzitegi Konstituzionalerako izendatu behar dituen bi hautagaiak aukeratzeko sistema aldatzen duten zuzenketak kanpo geratu dira.
Gauzak horrela, Goi Ganberak argi berdea eman dio sedizioa indargabetzeari eta dirua bidegabe erabiltzeko zigorrak murrizteari PSOE, ERC, EH Bildu, EAJ eta Més per Mallorcaren gehiengoarekin, PP, Vox, Ciudadanos, UPN, Junts, PRC, Coalición Canaria, Teruel Existe, PAR eta bi parlamentari independenteen ezezkoaren aurrean. Bestalde, Más Madrid, Geroa Bai eta Compromíseko senatariek abstenitzea erabaki dute.
Hala, ostegun honetan onartu den erreformak sedizio-delitua desagerraraziko du, eta desordena publiko larriagotuko delitu bilakatuko du. Ondorioz, 15 urteko gehieneko zigorra 5 urtekoa izatera igaroko da.
Bestetik, irabazi asmorik gabeko dirua bidegabe erabiltzeagatik gehieneko zigorra 4 urtera jaitsiko da. Gaur gaurkoz, 8 urtera arte ezar daitezke, eta 12 urtera ere irits daiteke, bidegabeko diru kopurua 250.000 eurotik gorakoa bada.
Aste hasierako erabakiari eutsiz, Auzitegi Konstituzionalak bart berriz ere Senatuaren helegitea baztertu du, eta bi zuzenketen tramitazioa bertan behera lagatu du.
Gobernu koalizioko taldeek eta kideek, baina, erreforma hori berreskuratzeko asmoa aurreratu dute beste lege-proposamen batean, Konstituzionaleko lau magistratuak ordezkatu ahal izateko; izan ere, lau magistratu horiek agintaldia iraungita dute, eta Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak blokeatuta jarraitzen du.