Politika -
Martxoak 3
Memoria Garak salatu du M3ko Oroimenerako Zentroa eraikitzeko proiektua "geldirik" dagoela
"Jarrera irmoarekin proiektuari bultzada ematea eta biktimen parte-hartzea bermatzea aldarrikatzen dugu", esan du Memoria Gara ekinbideko Josu Santamariak.
EITB MEDIA
Martxoaren 3ko biktimen Oroimenerako Zentroa eraikitzeko proiektua zein egoeratan dagoen azaldu du prentsaurrekoan Memoria Gara plataformak.
Ekinbide horretako Josu Santamariak eman du Zaramagako San Frantzisko elizan eraikitzekoa zen zentroaren prozesuaren berri. "Gaur egun proiektua geldirik dago, borondate politikorik ez dagoelako. Lan nekeza izan zen erakundeek proiektua berezkotzat hartzea. Inoiz ez digute idatziz ezer helarazi", nabarmendu du. Ildo horretan, azpimarratu du 2021eko otsailean protokoloa sinatu zutenetik ez dela aurrerapausorik egon.
"Dela erakundeak, dela elizbarrutiak etorkizun ez oso luzean Oroimenerako Zentroa eraikitzeko konpromisoa hartu zuten, baina ez dute hitza bete. Aurrekontuei dagokienez, adibidez, atzerantz egin dugu, diru gutxiago bideratu baitute proiektu horretara. Gainera, Martxoak 3 eta Memoria Gara plataformen hitzarmena sinatzeko aurrekontua desagertu da. Horrek helburu zuen biktimen parte-hartzea bermatzea, eta zentroa eraikitzeko materiala ematea", erantsi du.
"Hori horrela, proiektuari bultzada ematea aldarrikatzen dugu. Gu geu elkarlanean jarraitzeko prest gaude, baina horretarako gure parte-hartzea bermatu eta baliabide material zein ekonomikoak eman behar dizkigute. Metodologia garrantzitsuagoa da epeak baino, baina eperik gabe ezinezkoa da aurrera egitea", bukatu du.