Politika -
UDAZKENEKO SOZIOMETROA
EAJk irabaziko lituzke Gipuzkoako Aldundirako hauteskundeak, EH Bildurekiko aldea murriztuta
Udazkeneko Soziometroaren emaitzak kaleratu ditu gaur Gipuzkoako Foru Aldundiak. Datorren urteko maiatzeko hauteskundeetako boto asmoari buruzko datuez gain, gipuzkoarren kezka nagusien ingurukoak ere bildu dituzte txostenean.
IDOIA ALBERDI ETXANIZ | EITB MEDIA
EAJk irabaziko lituzke Gipuzkoako Foru Aldundirako hauteskundeak, gaur egingo balira, botoen % 36,7 eskuratuta, 2019ko bozetan baino 0,9 puntu gehiago. EH Bilduk berriz, 2,1 puntu egingo luke gora, botoen % 34 jasota. Horrenbestez, murriztu egingo litzateke bi alderdi abertzaleen arteko aldea.
Bestalde, hirugarren indarra PSE-EEk jarraituko luke izaten, % 16rekin, baina 1,3 puntu jaitsiko litzateke, orain lau urteko bozekin alderatuta. Elkarrekin Podemosek ere puntu bat egingo luke behera, % 7,3raino jaitsita eta PPk ere ia puntu bateko jaitsiera (% 0,9) izango luke, botoen % 3,9 eskuratuta. Voxek % 1,2 jasoko lituzke.
Emaitza horiekin, jeltzaleek egun dituztenak baino eserleku bat gehiago izango lukete Gipuzkoako Batzar Nagusietan (21), EH Bilduk bi gehiago (19), PSE-EEk bat gutxiago (8) eta Elkarrekin Podemosek bi gutxiago (2). PPk egun duen ordezkari bakarrari eutsiko lioke eta Voxek ez luke eserlekurik lortuko.
Gipuzkoako Aldundiak egin berri duen Udazkeneko Soziometroan bildutako datuak dira honakoak. Gaur aurkeztu ditu hedabideen aurrean Eider Mendoza Aldundiko Gobernantza diputatuak eta eledunak. Orotara, 18 urtetik gorako 1.200 gipuzkoar elkarrizketatu dituzte inkesta osatzeko, eta abenduaren 1etik 12ra bitartean egin zen galdeketa, Donostialdeko ESIaren polemika lehertu berritan.
Boto asmoari buruz ezezik, kezka nagusiei buruz ere galdetu zaie herritarrei. Hala, gipuzkoarren gehiengoaren kezka nagusia ekonomia dela eta etorkizunari ezkor begiratzen diola ondorioztatu dute inkestan. Galdetutakoen gehiengoak uste du herritarren arteko ezberdintasunak areagotu egingo direla datozen urteotan eta bizi-baldintzek okerrera egingo dutela. Hurrengo belaunaldia oraingoa baino okerrago biziko dela ere esan dute herritarrek. Soziometroaren arabera, gipuzkoarren % 35ek aitortu dute euren bizi-mailak behera egin duela, eta % 36ren iritziz, egoera are gehiago okertuko da.
Prezioen garestitzeari buruz galdetuta, herritarren % 59,2k adierazi dute prezioen igoerak asko eragin diela euren egunerokoan, eta % 80,4ren ustez, oinarrizko produktuen prezioek gora egiten jarraituko dute datozen hilabeteotan. Inflazio historikoari aurre egiteko erakundeak ematen ari diren erantzunari 3,85eko nota jarri diote.
Gaur egun, Gipuzkoan konpondu beharrean diren arazo garrantzitsuenak enplegua sortzea eta krisi ekonomikoa direla uste dute gehienek, eta horien ondotik, Osakidetzan hobekuntzak egitea legoke.