Politika -
Preso Politikoen Kolektiboa
EPPK-k 20 kidek osatutako zuzendaritza berria aurkeztu du
Halaber, presoen kolektiboen aurkako "salbuespenezko neurriekin amaitzea" eskatu du ohar baten bidez Euskal Preso Politikoen Kolektiboak.
Erredakzioa
Euskal Preso Politikoen Kolektiboak 20 kidek osatutako zuzendaritza berria aurkeztu du. Horietatik sei joan den apirilean aurkeztu zituen jada. "Baldintza berriak ematen badira, aurrerapausoak eta ekimen berriak proposatzeko prest" dagoela azaldu du ETAko presoen zuzendaritza berriak Gara kazetak argitaratutako ohar baten bidez.
Talde honen arabera, "beharrezkoak diren aurrerapauso hauek baldintza politiko berriak ekarriko dituzte, eta hauek, aldi berean, proposamen berriak sortzeko aukera eskainiko digu".
Joan den apirilean Anabel Egües, Xabier Alegria, Jon Olarra Guridi, Lorentxa Guimon, Mikel Albisu (Mikel Antza) eta Soledad Iparragirre (Anboto) kideek osatutako zuzendaritza aurkeztu zuen EPPK-k. Oraingoan, Frantziako eta Espainiako espetxeetan dauden beste 14 preso sartu ditu zuzendaritzan, tartean, Josetxo Arizkuren "Kantauri" ETAko buruzagi ohia, Ana Lizarralde Jarraiko arduradun ohia eta Jon Salaberria Sozialista Abertzalea alderdiko legebiltzarkide ohia.
Gainera, zuzendaritza horren parte Unai Fano, Ainhoa Mukika, Pello Eskisabel, Iñaki Esparza, Arantza Garbaio, Antton Lopez, Alberto L. de Calle, Iñaki L. de Bergara, Idoia Martinez, Asier Oiartzabal eta Oihana San Vicente ere izendatu dituzte.