Politika -
GIZA ESKUBIDEAK
Migratzaileak berehala itzularazteko Espainiaren politikak heriotzak eragin zituen, Human Rights Watchen ustez
Espainiako Fiskaltzak artxibatu egin zuen ekainaren 24an Melillako hesian izandako gertakarien ikerketa, Guardia Zibilaren jardunean delitu zantzurik atzeman ez zuelako. Gutxienez 23 migratzaile hil ziren tragedia hartan.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Human Rights Watch gobernuz kanpoko erakundeak giza eskubideen inguruko urteroko txostena argitaratu du gaur goizaldean eta bertan dioenaren arabera, migratzaileak berehala Marokora itzularazteko Espainiako Gobernuaren politikak iaz heriotzak eragin zituen. Gutxienez, 23 pertsona hil ziren Melillako tragedian 2022ko ekainaren 24an.
Giza eskubideen aldeko erakundeak azpimarratu duenez, "gertakarien irudiek erakusten dute Marokoko polizia hesia eskalatzen ari diren pertsonak kolpatzen, eta Espainiako polizia gas negar eragilea erabiltzen eta Maroko kideekin batera lanean jendea bueltan bidaltzeko".
Espainiako agintariek "pertsonak Marokora modu laburtuan itzuli zituztela baieztatu zuten", azpimarratu du HRWk. Gobernuz kanpoko erakundeak ohartarazi duenez, "Espainiaren berehalako itzulketa politikak etorkinen heriotzak eragin zituen bere lurreko eta itsasoko mugetan".
"Kezkatuta gaude Espainiak nola kudeatu zuen gaia", eta "etorkizunean gerta daitekeenaz", adierazi dio munduan giza eskubideak zaintzen dituen erakundeko Europa eta Asia Zentraleko Hugh Williamson ordezkariak Efe agentziari.
"Garrantzitsua da Espainiak Marokora pertsonak berehala ez kanporatzea, asilo aukerak zorrotz aztertu ez baditu behintzat", gaineratu du Hugh Williamsonek.
Abenduan, Espainiako Fiskaltzak artxibatu egin zuen ekainaren 24an Melillako hesian izandako gertakarien ikerketa, Guardia Zibilaren jardunean delitu zantzurik atzeman ez zuelako.
Bestalde, Espainiako Gobernuko Barne ministro Fernando Grande-Marlaskak Diputatuen Kongresuan esan zuen inor ez zela hil Espainiako aldean eta Guardia Zibilak Melillako hesian egindako lan "neurrizkoa" izan zela.