Politika -
Elkarrizketa
Illak ERCri erreferendumaz: "Ez da galdeketarik egongo"
"Banantzen gaituzten dinamikez nazkatuta gaude. Geroz eta gutxiago dira Espainiarekin harremanak sendotzen jarraitu nahi ez duten kataluniarrak", nabarmendu du Radio Euskadin egin dioten elkarrizketan.
LUZIA ZUGADI LASA | EITB MEDIA
Espainiako Gobernuko Osasun ministro ohi eta PSCren lehen idazkari Salvador Illa elkarrizketatu dute astelehen honetan Radio Euskadiko "Boulevard" saioan, non, besteak beste, Kataluniak bizi duen egoera politikoa izan duen mintzagai.
Generalitateko presidente ohi Carles Puigdemont Kataluniara itzuliko den galdetuta, zera esan du: "Twitterren iragarri duenez, badirudi ez duela horretarako asmorik. Errespetu osoz diot nork bere erabakien ondoriei aurre egiten jakin behar duela". Halaber, ezetz biribil batez erantzun dio ERCri balizko galdeketa baten inguruan: "Ez da erreferendumik egongo".
"Banantzen gaituzten dinamikez nazkatuta gaude. Geroz eta gutxiago dira Espainiarekin harremanak sendotzen jarraitu nahi ez duten kataluniarrak. Hitzarmenak bilatu behar ditugu, hori da bidea", nabarmendu du.
Ildo horretan, "banandu beharrean, batzen gaituzten" kontsentsuen alde egin du. "Elkarrizketaren bideak fruituak eman ditu Katalunian, nahiz eta independentistek bide hori errefusatu duten", erantsi du. Orain arte egindakoak gorabehera, autogobernua indartzea dute orain helburu, Illaren hitzetan
Azkenik, Gaztela eta Leonen abortuaren harira sortutako ika-mika ardatz, harrituta azaldu da: "Emakumeak eta nahi dituzten erabakiak hartzeko duten eskubidea errespetatu behar dira. Ez dut ulertzen zergatik sartu diren iskanbila horretan. Argi dago ezin dugula onartu eskubideak murriztea", bukatu du.