Politika -

Errefuxiatuentzako zentroa

EH Bildu, Elkarrekin Podemos-IU eta PP+Csek errefusatu egin dute Aranako makrozentroa

EH Bilduren ustez, "deigarria da PSEk eta EAJk aurretik azalpen publikorik eman ez izana". Elkarrekin Podemos-IUk "PSEren eta EAJren arteko ika-mika" kritikatu du. PP+Csek legez besteko proposamen bat aurkeztu du Legebiltzarrean, proiektua geldiaraztea eskatzeko.

Arana klinikaren eraikina, Gasteizen. Argazkia: EFE
Arana klinikaren eraikina, Gasteizen. Argazkia: EFE
Arana klinikaren eraikina, Gasteizen. Argazkia: EFE

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Errefuxiatuei arreta eta laguntza emateko "makrozentroetan" oinarritutako ereduaren aurka dagoela azaldu du EH Bilduk, eta lehen harrerako baliabideak "deszentralizatuak eta hurbilekoak" izatea eskatu du, "arreta eta gizarteratze prozesuak errazteko".

Koalizioaren Gasteizko Udaleko zinegotzi Rocio Viterok Espainiako Gobernuak errefuxiatuei harrera egiteko zentro bat Arana klinika zaharrean kokatzeko hartutako erabakia hizpide izan du. Eraikin hori Estatuarena da, baina hamarkada bat darama erabili gabe.

Viterok aitortu du "harrituta" dagoela proiektu honen lizitazioarekin, eta deigarritzat jo du "PSEk, proiektuaren sustatzaileak, eta EAJk, jendaurreko azalpenik eman ez izana, Estatuko Gobernuaren asmoen berri duela hilabete batzuetatik izan duelako".

Elkarrekin Podemos-IU ere makrozentroaren proiektuaren aurka agertu da. Euskadi Irratiko Faktoria saioan egindako elkarrizketan, Miren Gorrotxategi koalizio moreko bozeramailea zentro horren aurka agertu da.

Haren ustez, makrozentro horiek ez dute balio errefuxiatuei harrera egokia egiteko, eta uste du ez dela horiek hartzeko prozedura edo modua. Gainera, Gorrotxategik "PSEren eta EAJren arteko ika-mika" kritikatu du. "Uste dugu hau lehen mailako gai humanitarioa dela eta politikakeria ez egiteko eta akusazioak gurutzatzeko adinako garrantzia duela", defendatu du.

Azkenik, PP+Cs alderdiak legez besteko proposamen bat aurkeztu du Eusko Legebiltzarrean, Ganberak Espainiako Gobernuari proiektua "berehala" geldiaraztea eskatzeko.

Gainera, eskuineko koalizioak Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuaren premiazko agerraldia eskatu du, "immigrazio arloko arduradun nagusia den aldetik, Eusko Jaurlaritzak zentro horri buruz egindako adierazpen kontraesankorrak eta iluntasuna azal ditzan".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Migrazioa Araba Euskal Autonomia Erkidegoa EH Bildu Euskadiko PP Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak Podemos Ahal Dugu Euskadi Errefuxiatuak