Politika -
2023. URTERAKO ERRONKAK
Hitzemandako 31 eskumenetatik bost baino ez dira gauzatu, "oso gutxi", Urkulluren arabera
Gauzak horrela, Eusko Jaurlaritzako lehendakariak uste du Euskadiren eskubidea dela eta Espainiako Gobernuak konpromisoa duela eskumen horiek emateko. Horregatik, Autogobernua eskatzen jarraituko duela nabarmendu du.
EITB MEDIA
Iñigo Urkullu lehendakariak astelehen honetan gogorarazi duenez, hitzemandako 31 eskumenetatik bost baino ez dira gauzatu, "oso gutxi "Pedro Sanchez presidenteak berak euskal gizartearekin hartu zuen konpromisorako". Testuinguru horretan, lehendakariak berretsi du "eskubidez dagokigun" Autogobernu hori eskatzen jarraituko dutela nahiz eta onartu duen hauteskundeak medio, oztopoak egon daitezkeela akordioak lortzeko.
Hala, Deia egunkariak 2023rako lehentasunak aztertzeko Bilboko Euskalduna Jauregian antolatutako topaketaren baitan Urkulluk gogorarazi du, "aurrerapausorik ez dagoenez", Espainiako Gobernuko presidenteari proposatu diola Estatuaren eta Euskal Autonomia Erkidegoaren arteko Aldebiko Lankidetza Batzordea deitzea, eta, era berean, Euskadiren interesak defendatzeko "euskal erakundeen parte-hartze osoa eta eraginkorra" erraztea, "gure autogobernuaren berezitasunarekin lotutako Europako Batzordearen kontseiluetan eta batzordeetan".
"40 urte baino gehiagoren ondoren", nabarmendu du Lehendakariak, "tristea da EAEko Estatutua, aro demokratikoan onartzen lehena, bete gabe eta eguneratu gabe egotea", esan du. Egoera ekonomiko eta sozialak "aldatu" egin direnez, baita "Europako eta mundu mailako agertokia", autogobernua "egokitu" egin behar da errealitate berri horretara eta "Europaren etorkizuneko ikuspegira", esan du Urkulluk.
Ildo horretan, aste honetan Euskadin bilera deitu duela azpimarratu du, estatukoak ez diren eta eskumen legegileak dituzten gobernuekin, "Europar Batasuneko erakundeetan parte hartzeko esparru berri bat" proposatze aldera.
Bestalde, Urkullu pozik agertu da "De Miguel" auziaren ostean "EAJren izenak garbi" jarraitzen duela, eta alderdian "ustelkeria estrukturala" egotearen akusazioa "erabat" gezurtatu du.
Lehendakariak adierazi du "mina" sentitzen duela zigortutako pertsonak EAJko militanteak edo afiliatuak zirelako, eta gaineratu du "tristura" sentitzen duela "haien familiei eta lagunei eragiten dieten inguruabarrak ere kontuan hartu behar direlako, eta prozedura judizial honetan salbuetsitako pertsonak ez errekonozitzea dakarrelako".
Amaitzeko, Xabier Agirre Arabako ahaldun nagusiaren jarreragatik "harro" dagoela esan du, EBBko lehendakari gisa gertakariak gertatu zirenean "berehala" hartu zuen erabakiagatik.
Urkulluk harrera zentroaren inguruan sortutako polemikatik "ihes egitearen" hautua egin du
Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusiak Gasteizen errefuxiatuak hartzeko egiteakoak diren harrera-zentroaren inguruan EAJri egindako kritikei buruz galdetuta, Urkulluk esan du nahiago duel "polemiketatik ihes egin", baina kritita horiek "bidegabeak" direla eta min ematen dutela adierazi du, besteak beste, EAJri egindako "xenofobiaren" akusazioa.
Halaber, azpimarratu du Gasteizen "makrozentrorako" proiektua ez dela "eredua", eta hirugarren sektore sozialeko erakundeek eta Europak ere "errefusatu" egiten dutela sistema hori.