Politika -
Katalunia
Aurrekontu akordioa lortu dute ERCk eta PSCk, hiru hilabetez negoziatzen aritu ostean
Hartara, Aurrekontuak onartzeko behar zuen gehiengoa lortu du Legebiltzarrean Kataluniako Gobernuak. 2023an, 3.100 milio euro gehiago izango dituzte.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Kataluniako Gobernuak eta PSCk akordioa erdietsi dute Generalitateko 2023ko Aurrekontuekin lotuta, hiru hilabetez negoziatzen aritu ostean.
Abenduan Els Comuns alderdiarekin itxitako akordioari eta asteazken honetan ERCrekin adostutako itunari esker, Aurrekontuak onartzeko behar zuen gehiengoa lortu du Legebiltzarrean Kataluniako Gobernuak -2023an, 3.100 milio euro gehiago izango ditu-.
Sozialistek ezarritako baldintzetako bat zen B-40aren proiektuan ERCk amore ematea, iragan asteko negoziazioetan eskatu zutenez.
Akordioa hainbat esparrutara zabaldu da: industria, osasuna, zientzia, energia berriztagarriak, mendekotasuna, hezkuntza eta segurtasuna. Halaer, azpiegiturei buruzko atal bat ere jasotzen du dokumentuak.
Hala, besteak beste, Bartzelonako aireportua berritzeko konpromisoa hartu dute biek ala biek, betiere Llobregateko Deltaren babesa aintzat hartuta.
Horren haritik, PSCko idazkari nagusi Salvador Illak esan du akordio honi esker "geldotasunetik ekintzara" igaroko dela Katalunia.
"Ez da legealdiko akordio bat", azpimarratu du Legebiltzarrean emandako hizketaldian, "Kataluniak bizi dituen une zailetan pentsatutako itun bat baizik".