Politika -
Auzitegi Gorena
Gorenak berretsi egin du Iratxe Sorzabal ETAko buruzagi ohiaren aurkako 24 urte eta erdiko espetxe zigorra
Zigor Arloko Salak ebatzi du epaiketan ez dela frogatu Sorzabalen tortura salaketa.
AGENTZIAK | EITB Media
Auzitegi Gorenak berretsi egin du Iratxe Sorzabal ETAko buruzagi ohiari Auzitegi Nazionalak ezarri zion 24 urte eta erdiko espetxe zigorra, 1996an Gijonen (Asturias) bi atentatu egitea egotzita. Epaileek ebatzi dute Sorzabalek salatu zituen torturak ez daudela frogatuta.
Hori horrela, Zigor Arloko Salak errefusatu egin du ETAko buru ohiak Auzitegi Nazionalaren epaiaren aurka aurkeztu zuen helegitea. Epai hartan, Auzitegi Nazionalak kalte terroristak egiteagatik kondenatu zuen, ETAk Gijongo Justizia Jauregiaren aurka egindako atentatu batengatik, eta kalte terrorista saiakera egiteagatik farmazia baten aurkako eraso batean.
Bere helegitean, Sorzabalek salatu zuen torturatu egin zutela, eta, horrenbestez, prozedura osoa baliogabea zela. Salaketa, baina, artxibatu egin zuen Madrilgo Probintzia Auzitegiak. Orain, Gorenak nabarmendu du salaketa hori argitzeko egindako ikerketa nahikoa izan zela, eta epaiketan ez dela frogatu torturarik egin izana.
Defentsak bi agiri aurkeztu zituen tortura frogatzen saiatzeko: Tortura Prebenitzeko Europako Kontseiluaren Batzordearen txosten bat eta Amnistia Internazionalaren beste bat. Horretan, egiaztatutzat jo zuten Sorzabalek torturak pairatu izana Poliziaren esku inkomunikatuta zegoenean.
Epaileen esanetan, "norbaitek Europako Kontseiluaren batzorde bateko funtzionarioei edo GKE bateko kideei torturen biktima izan dela kontatzea oso garrantzitsua da inpunitatea saihesteko eta kontrol demokratikoak zorrozteko". Nolanahi ere, gaineratu dute prozesu judizialetan "frogatu" beharra dagoela salatutakoa.