Udal eta foru hauteskundeak -
KANPAINAURREA
"Aldaketarako alternatiba bakarra" dela defendatu du EH Bilduk, EAJ "agortuta, ideiarik gabe" dagoelako
Koalizio independentistak 400 udal ordezkari bildu ditu Donostiako Tabakaleran, azken urteetako lana aztertzeko eta esperientziak partekatzeko.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Udal eremuko 400 ordezkari elkartu ditu gaur goizean EH Bilduk Donostiako Tabakaleran, azken urteotako jarduna aztertu, irakaspenak partekatu eta aurrera begirako erronkak identifikatzeko eta lantzeko. Ekitaldi publikoan, Juan Karlos Izagirre Donostiako Udalerako hauatagaiak eta Rocio Vitero Gasteizko Udalerako hautagaiak hartu dute hitza. "Aldaketarako alternatiba bakarra" EH Bildu dela azpimarratu du Viterok.
"EAJ ideiarik gabeko alderdia da, agortua, erretiratzeko zorian dagoen kirolaria bezalakoa. Berandu eta gaizki heltzen dira. Osakidetzan ikusten dugu, pentsioetan, eskubide-kota berrien konkistan edota herritarrak defendatzeko orduan, eta ez elite ekonomikoak bakarrik. Horregatik, aurrera egitea beharrezkoa den une honetan, aldaketarako alternatiba bakarra EH Bildu da. Herri honek aurrera egiteko behar dituen lidergo berriak gaur hemen daudenak dira defendatu du Viterok.
Koalizio subiranistak "bizitza duina" eskaini nahi diela Euskal Herrian bizi diren herritar guztiei aldarrikatu du Viterok eta horretarako "euskal gizarte guztiarekin adostutako eta gidatutako norabide aldaketa" behar dela adierazi du.
Gainontzeko alderdi politikoak ez direla horretarako gai salatu du, politika "marketin elementu gisa" ulertzen dutelako.
De Miguel kasuari erreferentzia egin eta EAJk ustelkeria kontrolatzeko elementruak ezartzeari uko egiten diola ere salatu du Gasteizko alkategaiak, "dozena erdi kargu publiko ustelkeriagatik akusatuta edo zigortuta dituen bitartean".
Juan Karlos Izagirrek, berriz, EH Bilduk "geroz eta babes handiagoa" duela nabarmendu du. "Udal eta Foru hauteskundeak gainean ditugu. Seguru nago lehen indar munizipalista izaten jarraituko dugula; herri eta hiri gehiagoetako gobernuetara iritsiko garela eta gehiago izango garela. Ilusioz gainezka gaudelako, ondo prestatuak zaudetelako, eta, gaur eta egunero ikusten dudan bezala, ideiak eta proiektu zoragarriak ditugulako" gaineratu du.