Politika -

Kongresua

"Bai bakarrik da bai" legea datorren astean eztabaidatzeko saiakera zapuztu dute EH Bilduk eta ERCk

Aurrez, Kongresuko Mahaiak tramitera onartu du sozialisten proposamena, talde guztien babesarekin eta Unidas Podemosen abstentzioarekin. Bilkuran eztabaidatu baino lehen, erreforma adostu bat aurkezteko eskatu diete inbestidurako bazkideek PSOEri eta Unidas Podemosi.

"Bai bakarrik da bai" legearen tramitazioari bide eman diote, Unidas Podemosen abstentzioarekin
"Bai bakarrik da bai" legearen tramitazioari bide eman diote, Unidas Podemosen abstentzioarekin
"Bai bakarrik da bai" legearen tramitazioari bide eman diote, Unidas Podemosen abstentzioarekin

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EH Bilduk, ERCk JxCAT eta Mas Pais inbestidurako bazkideek aldapa gora jarri diote PSOEri "bai bakarrik da bai" legea aldatzeko bidea. Izan ere, PSOEk bakarka aurkeztutako lege proposamena datorren astean osoko bilkuran eztabaidatzearen kontra bozkatu dute, eta koalizio gobernuko kideei adostutako testu bat aurkezteko eskatu diete. 

Kongresuko Mahaiak goizean onartu du tramitera sozialisten proposamena, PSOE eta PPren aldeko botoekin. Unidas Podemos abstenitu egin da, negoziazioak errazteko asmoz edo. 

"Negoziatzen jarraitu nahi dugu. Hainbat proposamen ditugu mahai gainean, eta ez gara abstenituko, eztabaida errazte aldera. Akordio batera iristea da gure asmoa, eskuinari eragozteko lorpen feministetan atzerapausoak ematea", azaldu du prentsaurrekoan Mahaiko lehen idazkari eta En Comun Podemeko diputatu Gerardo Pisarellok.

Gerora, baina, Bozeramaileen Batzordeak ezin izan du proposamena datorren asteko osoko bilkuraren gai-ordenean txertatu, erabakia aho batez hartu behar zelako, eta, esan bezala, EH Bilduk, ERCk eta gainerakoek kontra bozkatu dutelako. Horrenbestez, martxoaren 7ko bilkuran eztabaidatuko dute azkenean. 

"Berdintasun Ministerioak akordioan egon behar du"

Gabriel Rufian ERCk Kongresuan duen bozeramaileak PSOEri ohartarazi dionez, "ez duzue ERC ondoan izango lege horren aldaketa Berdintasun ministroaren babesa izan gabe egiteko, estralurtarra litzateke".

Oskar Matute EH Bilduko diputatuak, bestalde, argitu du ez dutela urgentziazko eztabaida onartuko. "Elkarrizketa behar da, Gobernuko bi aldeen arteko akordioa. Presak ez dira onak", erantsi du. 

Matuteren aburuz, "ona da Espainiako Gobernua anitza eta polifonikoa izatea, eta ahots ezberdinak edukitzea, baina partitura beraren barruan egon behar dute biek ala biek, kakofoniak saihesteko". 

Inbestidurako bazkideek azpimarratu dute Berdintasun Ministerioak akordioa behar duela, eta horren alde agertu da Unidas Podemos ere. 

EH Bilduren arabera, sozialistak ez dira eurekin harremanetan jarri, eta PSOEren proposamenak batez ere zigor arloa lantzea deitoratu du. "Negoziatzeko prest gaude, baina legearen muina ukitu gabe", azaldu du Matutek. 

PDeCATek lanketa zorrotzagoa eskatu du, eta BNGk eta CUPek PSOEren erreformaren kontra egin dute, aurreko legera itzultzea delako eta hauteskunde kutsua duelako, euren ustez.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Diputatuen Kongresua albisteak Politika PSOE Delituak bideoak Espainiako Gobernua EH Bildu Bizkaia Eguneko albisteak Albisteak Podemos berriak Matxismoa Feminismoa Sexu erasoak ERC azken ordukoa