Politika -

Memoria Historikoa

Pedro Asua miliziano galdakoztarraren gorpuzkiak berreskuratu dituzte Jakako hilerriko hobi batetik

Aranzadi Zientzia Elkarteak egin ditu desobiratze lanak eta dokumentazio historikoa baliatuz aurkitu eta berreskuratu da Asuaren gorpuzkia. Izquierda Republicanari atxikitako Zabalbide batailoiko milizianoa 1938ko otsailaren 7an fusilatu zuten, Jakan, 21 urte zituela.

Lourdes Herrasti (Aranzadi) prospekzio lanetan, urrian. Argazkia: Galdakaoko Udala.
Lourdes Herrasti (Aranzadi) prospekzio lanetan, urrian. Argazkia: Galdakaoko Udala.
Lourdes Herrasti (Aranzadi) prospekzio lanetan, urrian. Argazkia: Galdakaoko Udala.

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gogora, Memoriaren, Giza Eskubideen eta Bizikidetzaren Institutuak eta Galdakaoko Udalak herriko Pedro Asua Zubiaur milizianoaren gorpuzkiak berreskuratzea lortu dute Jakako (Huesca) Udal Hilerriko hobi batetik.

Eusko Jaurlaritzak berri eman duenez, desobiratze lanak larunbat honetan bertan egin ditu Aranzadi Zientzia Elkarteak eta dokumentazio historikoa baliatuz aurkitu eta berreskuratu da Pedro Asua Zubiaurren gorpuzkia.

Asua Izquierda Republicanari atxikitako Zabalbide batailoiko milizianoa izan zen gerra garaian eta 1938ko otsailaren 7an fusilatu zuten, Jakan, Gerra Kontseilu batek heriotza-zigorra ezarri ondoren. 21 urte zituen hil zutenean. 

Gogora - Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko memoria teknikaria, Galdakaoko alkate Iñigo Hernando eta Jakako udalbatzako kideak Jakako hilerrira bertaratu dira Aranzadi Zientzia Elkarteak lurpetik ateratzeko egindako lanen jarraipena egiteko.

Galdakaoko Udalak, Pedro Asuaren familiak eskatuta, Ander Aperribai historialariaren zerbitzuak kontratatu zituen haren heriotzaren nondik norakoak ikertzeko, eta horri esker jakin ahal izan da non lurperatu zuten, Galdakaoko talde memorialistaren laguntzarekin.

Gorpuzkiak aurkitu, lurpetik atera eta identifikatzeko lanak Gogorak finantzatu ditu Eusko Jaurlaritza eta Aranzadi Zientzia Elkartearen arteko hitzarmena baliatuz.

Iaz, urriaren 13an eta 14an, Aranzadi Zientzia Elkarteak aldez aurreko prospekzio-lanak egin zituen tokian bertan, eta, azkenean, lurpetik ateratzea ahalbidetu dute.

Familiak datorren martxoaren 19an jasoko ditu gorpuzkiak Galdakaoko Elexalde hilerri ondoan egingo den ekitaldian. 

 

Nor izan zen Pedro Asua?

Pedro Asua Zubiaur (1916/03/13 Galdakao – 1938/02/07 Jaka) Izquierda Republicanari atxikitako Zabalbide batailoiko milizianoa izan zen. Atxilotu zutenean, Langileen Batailoietan derrigorrezko lanak egitera behartu zuten, lehenik Asturiasen eta ondoren Jakan. Salaketa batzuen ondorioz, Gerra Kontseilu batek epaitu eta heriotza-zigorra ezarri zion, eta Jakan fusilatu zuten 1938ko otsailaren 7an. 'El eco de las descargas. Adiós a la esperanza republicana' Esteban C. Gomezen liburuak Jakako hilerriko hobi batean fusilatu eta hainbat pertsona lurperatu izanaren inguruabarrak jasotzen ditu.

Pedro Elexaldeko (Galdakao) Aldatze baserrian jaio zen, gerra piztu zenean 20 urte zituela, postari lanpostu bat lortzeko ikasten ari zen Postetxean, eta bera eta bere bi ahizpa txikiak umezurtzak ziren aita-amengandik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Galdakao Eusko Jaurlaritza Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Frankismoa Memoria Historikoa Aranzadi Zientzia Elkartea Gogora albisteak