Politika -
Nafarroa
Foruzaingoak jada frogatu du Trafiko lanak egiteko gaitasuna, Chiviteren esanetan
Foruzaingoaren Egunaren harira egindako ekitaldi instituzionalean, agenteak goratu ditu Nafarroako presidenteak, eta euren lana eskertu die.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Foruzaingoaren Egunaren harira Iruñeko Nafarroa Arenan egindako ekitaldi instituzionalean Maria Chivite Nafarroako presidenteak adierazi duenez, Foru Erkidegoan trafiko lanarekin lotutako eskumenak hartzeko gaitasuna frogatu du Foruzaingoak.
Trafiko eta Bide-Segurtasunaren eskumena Nafarroara transferitzeko lanari aipamena egin dio: "borondate politikoa dago, eta fruitua emango duen lan tekniko nekeza- Mugarria izango da, eta Foruzaingoaren garapenarentzako beste bultzada bat".
"Foruzaingoa erkidegoa da, gure konpromisoa da Foruzaingoaren hazkundea, garapena eta eskumenak babesten jarraitzea", adierazi du presidenteak. Gainera, "segurtasun publiko bezalako zerbitzu publiko hain garrantzitsura dedikaturiko agenteen talentua, gaitasuna eta trebetasunak" goratu ditu.
Euren lana eskertu die, eta "nafar herritarrentzako erreferentziazko polizia" gisa aldarrikatu du Foruzaingoa, "zerbitzu publikoan eredu delako, eta baita berdintasun, digitalizazioa, berrikuntza eta jasangarritasuna bezalako baloreetan aurrera egiten duelako".
Unai Hualde Nafarroako Parlamentuko presidentea, Jose Luis Arasti Espainiako Gobernuak Nafarroan duen ordezkaria, Javier Remirez Nafarroako lehen lehendakariordea, Amparo Lopez Barne zuzendari nagusia eta Juan Carlos Zapico Foruzaingoko burua, besteak beste, izan dira ekitaldian.