Politika -
Gipuzkoako lantaldea
Bakegintzaren lantaldea egoeraren diagnosi batekin jarriko da martxan
Irailerako "hasierako diagnosia, erronkak eta lanak" zehaztuta eduki nahi dituztela esan du Rafaela Romero lantaldeko presidenteak.
Erredakzioa
"Egungo egoeraren diagnosia" egitea izango da Gipuzkoako Batzar Nagusietan eratu den eta alderdi guztiek, PPk izan ezik, parte hartzen duten Bakerako eta Elkarbizitzarako lantaldearen lehen eginkizuna.
Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiak eta Marina Bidasoro Aldundiko Giza Eskubideen eta Memoria Historikoaren zuzendariak dira lantaldearen ordezkariak.
Partaide guztiek irailerako, ETAren iragarpenaren ostean lurraldean bizi den egoeraren inguruko ebaluazioa egin beharko dute.
Rafaela Romero sozialista de lantaldearen presidentea. Komunikabideei irakurritako testu batean azaldu duenez, irailerako "hasierako diagnosia, erronkak eta lanak" zehaztuta eduki nahi dituzte.
Datozen bi hiletan ez dira bilduko, eta denbora horretan guztian zehar ebaluazio hori prestatzen egongo direla gaineratu du.
Hilaren 11n onartu zuten Batzar Nagusietan alderdi guztien babesarekin, PPrena izan ezik, lantalde hau eratzea, "elkarbizitzan, adiskidetzean eta bakerako hezkuntzan" lagungarri izateko.
Idoia Ormazabal eta Begoña Vesga izango dira Bilduren ordezkariak; Markel Olano eta Eider Mendoza EAJkoak; Lore Suarez eta Rafaela Romero PSE-EEkoak; azkenik, Rebeka Ubera eta Ernesto Merino Aralarrekoak.
PP lantalde honen aurka azaldu zen, aldez aurretik ETAk publikoki desegitea iragarri behar zuela iritzita.